Britainia Handiko Ingurumen Agentziak dioenez, Londresen Milurtekoaren ospakizunen barruan 15 minutuz erre ziren su artifizialek isuri zuten dioxina kopurua Ingalaterrako hiriburuko erraustegiak 100 urtean botako duen bestekoa izan zen (APSWGko Neil Carriganen eta Chris Cogginsen informazino-oharra).

• 1996ko abenduaren 1ean, Arrasateko Udalak, Xabier Zubizarreta alkate zela, udal instalazioa itxi behar izan zuen. Izan ere, ezin zituen bete Europar Batasunak berrogei mila tonatik gorako gaitasuna zeukaten erraustegiei ezarritako betekizunak. Ez zeukan gasak arazteko sistemarik eta ez zituen energetikoki balorizatzen hiri-hondakinak. Urte hartan bertan egindako ikerketa soziologiko baten arabera, arrasatearren ia ehuneko ehun pozik zeuden udal erraustegiaren funtzionamenduarekin.

• Antzeko zerbait gertatu zen Bermeoko erraustegiarekin. Arrasatekoa baino gaitasun txikiagokoa zenez –zortzi mila tona–, Arrasatekoa baino hamar bat urte geroago itxi zen.

• Ateak itxi zituen beste erraustegia Aulestikoa izan zen.

• Alemaniako Errepublika Federaleko Ingurumen, Naturaren Kontserbazio eta Segurtasun Nuklearreko Ministerioak dio etxe partikularretako lauzatutako berogailuek eta tximiniek, eurek bakarrik, gutxi gorabehera, zabor-erraustegiek baino 20 bider dioxina gehiago botatzen dituztela atmosferara. (Iturria: Zaborra erraustea arrisku potentziala da? ikerketa).

Alemaniako Ingurumen, Naturaren Kontserbazio eta Segurtasun Nuklearreko Ministerioak dio hondakin-erraustegiek dioxina-isurpenen guztizkoari egiten dioten ekarpena murriztu egin zela, eta isurpenak egiten dituzten iturri guztien % 1etik beherakoa dela. (Ikerketa: Zaborra erraustea arrisku potentziala da? Nola eragotzi dioxinak isurtzea).

Vienako Unibertsitate Teknologikoak egindako azterketa batek dio Europan hondakin-erraustegiek dioxina-isurpen nazionalei egiten dieten ekarpena % 0,07koa dela (Comparison of relevant air emissions from selected combustion technologies).