72 enpresak 9,9 milioi euroren kenkari fiskalak lortu dituzte 2013tik 2015era bitartean ingurumeneko proiektuak garatzeagatik
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Bizkaiko Foru Aldundiak % 15eko kenkaria aplikatzen die garapen iraunkorra, ingurumenaren zaintza eta hobekuntza zein energia-iturrien aprobetxamendu efizienteagoa lortzera zuzentzen diren inbertsioei, inbertsiook ingurumen-egokitasunaren ziurtagiria badute. 2015. urtean ingurumen egokitasunaren ziurtagiri hori lortu zuten 86 proiektuek CO2-aren isurketak 6.354,62 tonatan murriztea eragin zuten. 2016. urtean kenkariak izan dituzten enpresek 75 proiektu aurkeztu zituzten. Haietako gehienak (45) energia berriztagarriak erabiltzearen eta eraginkortasun energetikoaren ingurukoak izan ziren; gainerakoak, berriz, hondakinak minimizatu, berrerabili eta balorizatzearen ingurukoak (27) zein ur-kontsumoa minimizatu eta ura araztearen ingurukoak (3) izan ziren.
Bizkaiko Foru Aldundiak 9,9 milioi euroren kenkariak (% 15) aplikatu dizkie Sozietateen gaineko Zergan 2013. eta 2015. urteen bitartean garapen iraunkorra, ingurumenaren zaintza eta hobekuntza zein energia-iturrien aprobetxamendu efizienteagoa lortzera zuzentzen diren inbertsioak egin ondoren ingurumen-egokitasunaren ziurtagiria lortu duten 72 enpresei.
Mota guztietako enpresak izan dira —hala lokal komertzialak nola automozioan edo hondakinen birziklatzean diharduten enpresak—, eta guztira 236 proiektu aurkeztu dituzte. Haietako gehienak (132) energia berriztagarriak erabiltzearen eta eraginkortasun energetikoaren ingurukoak zein hondakinak minimizatu, berrerabili eta balorizatzearen ingurukoak (57) izan dira.
Bada, proiektu horiei guztiei esker hobekuntza nabaria lortu da, esaterako, CO2-aren isurketak murrizteari dagokionez. Izan ere, eta 2015eko ekitaldiari soilik begiratuta, ingurumen-egokitasunaren ziurtagiria lortu zuten enpresek egindako inbertsioen ondorioz 6.354,62 tonatan murriztu ziren halako isurketak.
2016an 75 proiektuk lortu dute ziurtagiria: batez ere energia berriztagarriak erabiltzearen eta eraginkortasun energetikoaren inguruko proiektuak (45) zein hondakinak minimizatu, berrerabili eta balorizatzearen ingurukoak (27) izan dira. Gainerako hiru inbertsioak ur-kontsumoa minimizatu eta ura araztearen ingurukoak izan dira.
Ingurumen-egokitasunaren ziurtagiria eskuratzen duten enpresei % 15eko kenkaria aplikatzen zaie Sozietateen gaineko Zergan. Edozein ekoizpen-sektoretako enpresak izan daitezke, baina sozietate-egoitza Bizkaian izan behar dute. Hobariok lortzeko, proiektua Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailean aurkeztu behar dute,eta sail horrek egin beharreko inbertsioa zein horrek eragingo dituen ondorioak ebaluatuko ditu, erabakitzeko ea ingurumen-egokitasunaren ziurtagiria lortzeko baldintzak betetzen dituen. Horretarako, eta ziurtagiria eskatzeko aurkezten den proiektuaren motaren arabera, besteak beste honako hauek aztertuko dira: zer ekoizpen-prozesutan eragiten duen hondakinak minimizatzeko egindako inbertsioak eta zer teknika erabiltzen den horretarako; zer inbertsio egiten diren enpresaren mugikortasun iraunkorra bultzatzen duten aktiboetan, enpresak «mugikortasun iraunkorrerako planak» edo «enpresa-garraiorako planak» izan zein ez; ea espazio naturaletako ingurumena leheneratzeko egiten diren jarduketak ondare naturala eta ingurumen-zerbitzuak hobetzeko diren, eta ea, horretarako, espazioak leheneratu, biodibertsitatea sustatu eta ekosistemen funtzionamendu ekologikoa hobetzen duten; ea ura arazteko inbertsioek ur-masen kalitate ekologiko ona lortzen laguntzen duten; edo ea energiaren intentsitatea edo energiaren kontsumo txikiagoari begira zer hobekuntza lortzen den ekipoak edo elementuak ordeztuz.
Proiektuek ingurumen-egokitasunaren ziurtagiria lortu ondoren, enpresek Ogasun eta Finantza Sailean aurkeztu beharko dituzte, Sozietateen Gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 65. artikulua zehazten den % 15eko kenkaria aplikatu ahal izateko.