Ahaldun Nagusiak eta Bilboko Alkateak Tratamendu Mekaniko Biologikorako Planta inauguratu dute

18 otsaila, 2013 adclick Sin categoría

 

BIZKAIMEDIA

Bizkaiko ahaldun nagusiak, José Luis Bilbaok, eta Bilboko alkateak, Iñaki Azkunak, hiri hondakinak tratatzeko azpiegitura berria inauguratu dute gaur, Tratamentutegi Mekaniko Biologikoa (TMB), alegia.

Planta berria Arraiz mendian kokatuta dago, “Cantera Primitiva” izeneko eremuan, Bilboko udal mugartean. Urbanizatu eta eraiki beharreko azalera osoa 23.000 metro koadro ingurukoa izan da; konpost planta (Konpostegia), Zabalgarbi balorizazio energetikoko planta eta Artigasko tangarekin batera, hondakinak kudeatzeko “ekoparkea” osatzen du. 

Proiektua burutzeko 43,4 euroko inbertsioa egin da: 13 milioi euro prozesu mekanikoan inbertitu dira, 12 milioi euro prozesu biologikoan, 11 milioi euro azpiegituran bertan, eta gainerako zenbatekoa, azkenik, martxan jartzeko, agiriak kudeatzeko eta tailerreko ekipamenduetarako eta ordezko piezetarako baliatu da.

TMBk hiri hondakinak tratatzeko teknologia modernoa du. Prozesu honetan sartzen dira hondakinen sailkapen mekanikoa eta horien alde organikoen tratamendu biologikoa.

Urtean 180.000 tona tratatzeko dago diseinatuta planta, Bizkaiko hiriburuko hiri hondakinak barne. José Luis Bilbaok azpiegitura horren garrantzia azpimarratu du; gainera, 70 lanpostu inguru sortuko dira bertan eta gure lurralde historikoari “helburu berriak lortzeko eta hondakinen kudeaketaren esparruan nazioarte mailan leku desiragarrian kokatzeko” aukera emango dio.

Europako zuzentarauak betetzea hondakinak kudeatzeari dagokionez

Bizkaiko ahaldun nagusiak nabarmendu du gaurtik aurrera “Bizkaiko hondakin guztiak tratatu egingo direla ezabatu aurretik”, hondakinak tratatzeko hierarkiaren arabera (prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea, balorizazio energetikoa eta ezabatzea). Aurretiaz tratatu ez den hondakin zatirik ez da zabortegira bidaliko.

Azaldu duenez, “Tratamendu Mekaniko Biologikorako Planta martxan jartzeari esker, xede berriak lortuko ditugu gaikako bilketari eta zaborra birziklatzeari dagokien indizeetan”.

Prozesuaren deskribapena

Planta honetan egingo den prozesuak hiru atal izango ditu: hondakinak hartzea, tratamendu mekanikoa, eta lehortzea edo ontzea.

Zaborra jasotzeko hondakinak deskargarako beheko plataforman utziko dira eta bertatik, olagarro baten bidez, uhal garraiatzaileen bitartez prozesuan sartuko dira, aldez aurretik ikusizko lehen kontrola eta desegokien hautaketa eginez.

Materiala bereizteko prozesu mekanikoa

Helburua balorizatu ahal diren materialak desegokiak diren materialetatik bereiztea eta materiala tratatzea da ondoren lehortu/onzteko.

Materiala uhal garraiatzaileen bidez mugitzen da eta tamaina bidezko hautaketa egiten da:

  • > 350mm
  • 150 – 250 mm
  • 0 – 80 mm

Tratamendu mekanikoan materialak hautatzen dira. Infragorrien bidez material plastikoa aukeratzen da eta irakurgailu optiko baten bidez materialak dentsitatearen eta kolorearen arabera bereizten dira. Hondakin motak haize-kolpeen bidez bereizten dira. Era berean, indukzio eta imanen bidez burdinazko materialak eta burdinazkoak ez direnak bereizten dira.

Biohondakina lehortzeko/onzteko prozesu biologikoa

Prozesua hormigoizko tuneletan gertatzen da, erreaktoreak (7mX5mX27m), bertan materialen osagai biologikoak lehortu eta degradatzen baitira, gutxi gorabehera bi astez.

Materiala kapatan banatzen da aurrez ezarritako 3,3 m inguruko alturara arte eta atea ixten da aireztapena lurretik automatikoki aktibatuz.

Erreaktoreen aire guztia hartzen da, eta biofiltro batean usaina kentzen zaio. Tratamendu biologikoak badu bigarren abantaila bat ere: hezetasuna kentzean berotzeko ahalmena areagotu egiten da. Gainera, lixibiatuak sortzea saihesten da.