Aldundia astelehenean hasiko da udalekin biltzen, hondakinen prebentzio eta kudeaketa planean aurrera egiteko
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Topaketa horiek datozen bi asteetan egingo dira, lurraldeko udalerriei plan hori egiteko aurrerapenak aurkezteko eta tokiko erakundeek planaren edukiari egin diezazkioketen ekarpenak entzuteko. Prebentziorako eta Toki Eskumeneko Hondakinak Kudeatzeko Bizkaia 2030 Plan Integralak (PTEHKBPI 2030) definitu duen lehentasunezko helburuak jasotzen ditu, egungo egoera, etorkizunerako aurreikuspenak eta lurraldez gaindiko beste erakunde batzuen estrategiak zehatz-mehatz aztertu ondorik, eta aurtengo lehen seihilekoan kontrastatuko da lurraldeko udalekin eta herritarrekin. Plan honen eskutik, Bizkaiak hondakinen sorrera % 15 murriztea eta sortzen diren 5 kilo hondakinetatik 4,9 berreskuratzea du helburu.
Foru Aldundiak astelehenean, otsailak 7, hasiko du bilera-sorta lurraldeko udalekin, Prebentziorako eta Toki Eskumeneko Hondakinak Kudeatzeko Bizkaia 2030 Plan Integralak (PTEHKBPI 2030) taxutzen aurrera egiteko. Bilera horietan, foru erakundeak udal arduradunen aurrean aurkeztuko du plana orain arte nola garatu den, eta tokiko eremutik jasotzen dituen lehen ekarpenak entzun eta jasoko ditu.
Topaketak bi astetan zehar banatuko dira: otsailaren 7an, Iraunkortasun eta Ingurune Naturala zaintzeko Saileko taldeak Enkarterri, Txorierri, Arratia, Ezkerralde, Meatzalde, Uribe Kosta, Lea Artibai eta Lea Ibarra eskualdeak bisitatuko ditu, Bizkaiko hiriburua den Bilboz gain. Hurrengo astean, hots, otsailaren 14ko astean, gauza bera egingo du Mungialde, Nerbioi-Ibaizabal eta Busturialdeko eskualdeekin.
Bilera horietan, foru erakundeak prebentziorako eta hondakinak kudeatzeko plan berriaren ildoak azalduko ditu, aurreko planaren ekintzak eta helburuen betetze-maila ebaluatuko ditu, eta, horrezaz gainera, dokumentuan 2030erako ezarririk dauden helburuen berri emango du, bai eta etorkizunerako erronken eta inplementatu beharreko programen berri ere. Era berean, dei egingo zaie udalei Garbikerrekin eta Aldundiarekin koordina daitezen eta plana egiten parte har dezaten, topaketen ondoren bidaliko zaien galdetegi bati erantzunez, ekarpenak egin eta jasotzen diren azalpenak baloratu ahal izan ditzaten.
PTEHKBPI 2030 dokumentuak, hamarkada honetan gure lurraldeko hondakinen kudeaketaren oinarriak ezartzen dituenak, lehentasunezko helburu gisa ezartzen du hondakinen sorrera %15 murriztea eta sortzen diren 5 kilo hondakinetatik 4,9 berreskuratzea (horietatik 4 kilo berriro sartuko dira ekoizpen-katean, eta beste 0,9 kilo energia berriztagarria sortzeko baliatuko dira). Plan hori garatuta, Bizkaiak 2030ean hondakinen %79,83 materialki balorizatzea erdietsiko du (%74,19 berrerabiltzea eta/edo birziklatzea eta % 5,64 konpostatzea), %17,68 arlo energetikoan balorizatzea eta hondakin horiek tratatu ondoren behin betiko ezabatzea (%2,49).
Planaren beste helburu batzuk ondoko hauek dira:
- 2019. urtearekin alderatuta, ontzi arinen hondakinen sorrera %20 murriztea.
- Berrerabiltzeko prestaketa-tasa %20 hobetzea.
- Etxeko hondakin arriskutsuen, ehunen, sukaldeko olioen, tamaina handiko hondakinen eta gailu elektriko eta elektronikoen hondakinen gaikako bilketaren eta udalerrietako hondakin arriskutsuen bilketa bereiziaren %100eko estaldura ziurtatzea.
- Energetikoki balorizatzen diren hondakinen ehunekoa %20 baino gutxiagora jaistea eta udal hondakinen isurketa-tasa (tratatuak eta tratatu gabeak) %2,49an ezartzea.
- Herritarren eta eragile ekonomikoen informazioa eta ideia berritzaileak integratzea ingurune digitalizatu eta kolaboratibo batean, hondakinak kudeatzeko sistema etengabe hobetzeko tresnak eta bitartekoak sortzea ahalbidetuko duena.
- Hondakinen kudeaketarako sistema integratu bat izatea lurralde osoan, eta haien iraunkortasun ekonomikoa eta ingurumenekoa bermatzea, udalekin eta mankomunitateekin lankide jardunik.
Udalen proposamenak jaso eta txertatu ondoren, plana herritarrekin kontrastatu eta parte hartu ahal izango da, Batzar Nagusietan izapidetzen hasi baino lehen, foru arauaren lerrunarekin behin betiko onartzeko, ziurrenik aurtengo lehen seihilekoan.