Aldundia eta Athletic Club elkarrekin arituko dira, herritarren eta klubeko zaleen artean birziklatzea bultzatzeko

26 urria, 2017 Zabalgarbi Zabalgarbi Noticias EU

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Josu Urrutia Athletic Clubeko presidenteak gaur goizean lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, klubeko zaletuen eta Bizkaiko herritarren artean kontzientzia sortzeko birziklatzearen eta hondakinen tratamendu eta kudeaketa egokiaren garrantziaz, bai etxean bai San Mamesen eta Lezaman. Akordio honen barruan, edukiontzi eta paperontzi berriak jarriko dira Athletic Cluben bi zelaietako instalazioetan, zehazki, San Mamesen 170 paperontzi jarriko dira, eta Lezaman ontzien, paperen eta bestelako hondakinen edukiontziak ipiniko dira. Gainera, San Mames ingurumenaren aldetik jasangarria den espazioa izan dadin eskainitako ekipamenduaren eta bitartekoen balioa nabarmenduko da (txorrotak tenporizadorearekin, LED argiak instalazioetako zirkulazio-pasilloetan…), eta ingurumenaz kontzientzia sortzeko erreportaje bat eta spot bat emango dira. Datorren larunbatean, Athletic Club-FC Barcelona partida jokatzen denean, atsedenaldian gaikako bilketa sustatzeko ekimen bat egingo da.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Josu Urrutia Athletic Clubeko presidenteak gaur goizean lankidetza hitzarmen bat sinatu dute bi erakundeon izenean, San Mamesen eta Lezaman hondakinak gaika biltzea bultzatzeko. Hitzarmen honen bidez, klubeko zaletuen artean kontzientzia sortu nahi dute birziklatzearen eta hondakinen tratamendu eta kudeaketa egokiaren garrantziaz, bai etxean bai kirol-instalazio horietan. Elkarlan honen helburu nagusia gure lurraldeko birziklatze tasak gehitzea da, zaletuen nahiz oro har bizkaitarren eguneroko bizitzan ingurumenaren aldetik arduratsuak diren ohiturak aplikatuz, klub zurigorriaren presentziak honelako ekimenetan sortzen duen efektu biderkatzailea aprobetxatuz.

San Mames Europako futbol-zelairik seguruena da, eta, orain aste batzuk, munduko kirol-eraikinik onenaren saria jaso zuen. Athletic eta San Mamesez harro dago Bizkaia. Eta, zergatik ez, harro egon gaitezen garbiena, iraunkorrena eta ingurumena eta Bizkaia gehien errespetatzen dituena delako ere. Horretarako jarri dugu abian San Mamesen gaikako bilketa. Ekimen hori Bizkaiko pertsona guztientzako adibide izatea ere nahi dugu. Birziklatzea ohitura bihurtzea nahi dugu lurraldeko etxe guztietan, hain zuzen, Athletic-ek jokatzen duenean San Mamesera etortzea den bezala, esan du ahaldun nagusiak hitzarmena sinatzean.

Athletic Clubeko presidenteak azpimarratu egin du kontzientziazio kanpaina berri honetan Foru Aldundiarekin batera joateak duen garrantzia. Kasu honetan gure zaleak, Bizkaiko jendea edo bisitari ditugunak konturatuko dira birziklatzea eta inguruarekiko portaera izugarri garrantzitsuak direla. Guri dagokigunez, San Mames eta Lezamako instalazioak zaindu behar ditugula aipatzen dugu, baina azken finean erreferentziak gure eguneroko ohiturak dira.

Gaur sinatutako akordioak zenbait ekintza hartzen ditu barruan. Haietako lehena Athletic Cluben kirol instalazioetan paperontzi eta edukiontzi berriak jartzea da. Zehazki 170 paperontzi jarriko dira (dagoeneko beste 170 daude zelaian), papera, ontziak eta beste hondakin batzuk sailkatzeko. Horrez gain, hondakinen zati horietako bakoitzerako edukiontziak jarriko dira Lezaman.

Akordioaren barruan, San Mames ingurumenarenaren aldetik jasangarria izan dadin dauden ekipamenduen eta bitartekoen balioa nabarmenduko da halaber, hau da: txorrota tenporizatuak komunetan, urik deskargatzen ez duten txizatokiak edo LED argiak instalazioetako zirkulazio-pasilloetan.

Herritarren kontzientziazioa laguntzeko, erreportaje bat eta spot bat egin dira, Damaris Egurrola, Eunate Arraiza, Mikel San José eta Aymeric Laporte jokalariekin, eta Joseba Etxeberria, Eli Ibarra, José Ángel Iribar eta Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuarekin.

Bideoa hilaren 28an, larunbata, Bartzelonaren kontra jokatuko den norgehiagokan proiektatuko da. Partida honetan, atsedenaldia aprobetxatuz, ekimen bat egingo da, jendea gaikako bilketaren eta birziklatzearen garrantziaz jabetzeko. Gainera, etxetik kanpo ere (adibidez kirol lehiaketetan) ohitura hauek zabaltzeko helburua dugu.