Aldundiak 40 sentsore jarri ditu Ea, Etxebarria, Lanestosa, Ubide, Ereño eta Amorotoko edukiontzietan, erabilera-datuak jasotzeko

2 apirila, 2018 Zabalgarbi Zabalgarbi Noticias EU

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Iaz Gorlizen egin zen froga pilotuaren emaitzak onak izan ostean herri horietan ontzien bilketaren monitorizazio-sistema ezartzea erabaki da. Herri horiek biztanle gutxi edukitzeagatik, beste toki batzuetatik urrun egoteagatik eta instalatzen diren edukiontziak sakabanatuago egotea eragiten duen biztanledun guneen banaketagatik hautatu dira. Foru Erakundeak ekimen honekin bi helburu lortu nahi ditu: herritarrei zerbitzu eragingarriagoa eskaintzeko eta baliabide eta bitarteko publikoak optimizatzeko balio duten teknika berritzaileak aplikatzea eta, aldi berean, gure Lurraldean sortu berria den enpresa baten garapenean laguntzea. Gorlizen egin zen esperientzian bezala edukiontzietan instalatuta dauden sentsoreetako datuak egunero monitorizatuko dira, analisi-plataforma baten integratuko dira eta astero eta hilero Garbikerrera igorriko dira edukiontzien bilketa-zerbitzuaren antolakuntza optimizatzeko eta erabiltzaileen jarrerak eta ohiturak ezagutzeko.

Iazko apirilaren eta urriaren artean Gorlizen egin zen froga pilotuaren emaitza onen ostean Bizkaiko Foru Aldundiak Ea, Etxebarria, Lanestosa, Ubide, Ereño  eta Amoroto herrietan edukiontzi horien (ontzien bilketarako balio dutenak) monitorizazio-sistema ezartzea erabaki du. Garbiker foru enpresa publikoaren bidez akordioa sinatu da  gauzen interneten arloan lan egiten duen Hirisens startup bizkaitarrarekin udalerri horietako 40 edukiontzitan beste horrenbeste sentsore instalatzeko. Sistema herri horietan instalatzea erabaki da biztanle gutxi dituzten guneak direlako  eta,   toki horietako biztanleen guneen  ezaugarrien ondorioz,  instalatzen diren edukiontziak sakabanatuago daudelako.

2017an egin zen froga pilotuan gertatu zen bezala, bi helburu lortu nahi dira: alde batetik, herritarrei zerbitzu eragingarriagoa eskaintzeko teknika berritzaileak aplikatzea eta, bestetik, gure Lurraldean sortu berria den enpresa baten garapenean laguntzea eta, horrela, gure enpresa-sarea sendotzen laguntzea.

Sei udalerri horietako edukiontzietan instalatuko den monitorizazio-sistema Gorlizen garatu zena bera da: hari gabeko sentsorea jartzen da edukiontzi guztietan; sentsore horrek betetze-mailari eta biltegiaren tenperaturari buruzko datuak  jasotzen ditu. Gailu horrek, halaber, gorabeherei buruzko datuak ematen ditu, adibidez ustezko suteak, iraulketak, gainezka egiteak, butxatzeak edo  edukiontzietan ihesen bat egotea.  Datu horiek guztiak egunero monitorizatuko dira, analisi-plataforma baten integratuko dira  eta astero eta hilero Garbikerrera igorriko dira (gorabeheren kasuetan izan ezik, horiek gertatzen diren unean bertan jakinarazten direlako) posta elektronikoaren bidez. Halaber,  jasotzen diren datu horiek eguneko edozein unetan kontsulta daitezke  web plataforma  baten bidez.

Monitorizazio-sistema honi esker bilketa-ibilbideak optimizatu daitezke,  beti ezagutuko delako  zehatz  zeintzuk diren beterik dauden eta hustu egin behar diren edukiontziak.  Horrek, aldi berean, eragina du zerbitzuaren kostuen aurrezpenean eta lanaren antolakuntza hobean, ibilbideak edukiontzien betetze-mailaren arabera ezartzen direlako; aldi berean,  gutxitu egingo da edukiontzien bilketa-zerbitzuaren    aztarna ekologikoa.

Sistemak -arazorik gabe ezar daiteke  edukiontzi horietan, ontzi arinek ez dutelako  usainik eta lixibiaturik sortzen  eta, ondorioz,  bilketa betetzeari egokituta egin daiteke-, halaber, zerbitzuaren jarrerak eta ohiturak ezagutzeko aukera ematen du, eta horrela hainbeste gauza  jakin eta ebatzi daitezke, besteak beste: betetze-maila  egunen, asteen edo hileen arabera ezartzea; edukiontzien kokapenaren araberako etekina; edo nolako eragina duten  jaiegunek eta ekitaldiek bilketa- beharrizanean.

Gorlizen egin zen froga pilotuaren emaitzak

Gorlizen egin zen froga pilotuari esker itsasertzeko herri horretako toki batzuetan jarri ziren edukiontzi monitorizatuen (sei) erabilera-ohiturei buruzko alderdi garrantzitsu batzuk ezagutzeko aukera izan dugu. Biltegi horietan egin ziren tenperaturaren neurketen ondorioz badakigu horietan guztietan gehieneko tenperatuta egun berean erregistratu zela, ekainaren 21ean,  egun horretan giroaren oso tenperatura altuak erregistratu zirelako.

Betetze-portzentajeari dagokionez monitorizatutako hiru edukiontzitan betetzearen batezbesteko portzentajea   % 30ekoa izan zen eta horrek esan nahi du erabilera-maila baxua dela, eta beste hirutan ez zen % 50eko batezbestekoa gainditu eta oso egun gutxitan iritsi ziren gehieneko betetze-mailara eta, horien kasuan ere, erabilera maila baxua dutela esan daiteke. Batezbesteko betetze-maila egunen arabera aztertuta egiaztatu zen     betetze-portzentaje hori handiagoa dela igandeetan (% 45,83)  eta betetze-portzentajerik txikiena  ostiraletan gertatzen dela  (% 15,52).

Datu horiek aztertu ondoren  etorkizunerako 7 neurri planteatu ziren:

  1. Erabilera baxua dauden aldeetan edukiontziak beste era batera kokatzea.
  2. Erabiltzailerik gehien duen alde baten  edukiontzi gehigarri bat jartzea.
  3. Bilketa-ibilbideen optimizazioa, edukiontzi guztiak betetzearen arabera antolatuta.
  4. Edukiontzien kopurua urtaroaren arabera gehitzea.
  5. Edukiontziak lekuz aldatu eta hobeto ikusten diren tokietan kokatzea.
  6. Edukiontziak alde sentiberetatik urruntzea.
  7. Gutxien betetzen diren aldeetan edukiontziak erabiltzeko kanpainak diseinatzea.