Aldundiak Igorreko zabortegia itxi du

30 abendua, 2013 adclick Sin categoría

 

BIZKAIMEDIA

2013ko azken gauean, hau da, abenduaren 31n hiri hondakinez betetako azken kamioia sartuko da Igorreko zabortegian. Bizkaiak itxi egin du azpiegitura hori, hondakinen kudeaketari dagokionez erakundeak hartutako konpromisoa betetzeko, baita Igorreko Udalarekin hartutako konpromisoa betetzeko ere. Izan ere, 1987tik zabortegia udalerri horretan egon da.

Lemoa eta Igorre artean dagoen Urkizu auzoan, 7 hektareako azalera batean, 1.081.928 tona hiri hondakin utzi dira guztira. Bota diren hondakinak birrintze eta trinkotze bidez tratatu dira, birringailu-trinkotzaile 2 behin eta berriro pasatuta. Gero, lurrekin estali dira egunero. 

Edonola ere, zabortegia ez dago guztiz beteta; urte eta erdi edo bi urte gehiagorako bizitza izan dezake. Hala ere, zabortegia itxi egin da, Aldundiak zabortegiak astiro-astiro ixten joateko hartutako konpromisoa betetzeko.

Adostasun maila handiarekin Batzar Nagusietan onartutako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plana betetzen ari da Bizkaia.  Europako gidalerroak beteta, gainera. Jada 2012ko irailean, Europako Parlamentuak hau eskatu zion Batzordeari: hondakinen bilketa arrazionalizatzeko, hondakinen hierarkia eta hondar-hondakinak guztiz desagerrarazteko beharra kontuan hartuta. Eta, ondorioz, Europa mailan, pixkanaka, hondakinen zabortegiak debekatzeko eta birziklatzeko eta konposta egiteko erabili ahal diren hondakinen errausketa apurka-apurka desagerrarazteko proposamenak aurkezteko eskatu zion.

Ixteko lanak

Igorreko zabortegian ixteko hainbat lan egin dira, sortutako lixibiatuen bolumena gutxitzeko eta zabortegiaren ingurumena leheneratzea azkartzeko. Ixteko lanen inbertsioa, guztira, 1.590.400 eurokoa izango dela zenbatetsi da.

Lehenengo obra 2005eko maiatzetik abendura bitartean egin zen, 32.000 m2-ko azalera batean. Behin betiko ixteko bigarren obra partziala 2009ko apiriletik uztailera bitartean egin zen, 11.500 m2-ko azaleran.

2010, 2011 eta 2012. urteetan, aldi baterako estaltze-lanak egin ziren. Horretarako, dentsitate altuko polietilenozko geomintzak (1 mm-ko lodiera) erabili ziren, geoehun baten gainean jarrita. Itxiera hauetako bakoitzak 5.000 m2 hartzen ditu, eta haien xedea da behin-behinekoz estalitako guneetan lixibiatu gutxiago sortzea, zabortegia behin betiko ixteko obra egin arte.

Transferentzia-gunea

Bizkaiko Foru Aldundiak 2013ko abuztuan hasi zituen Igorreko Hiri Hondakinen Transferentzia-gunea eraikitzeko lanak. Instalazio horietan eskualde horretako hondakinak jasoko dira, prentsatzeko eta azken helmugara eramateko. Garbiker sozietate publikoak gauzatuko duen proiektu honetan 2 milioi euroko inbertsioa egingo da.

Azpiegitura berria itxiko den zabortegiaren ondoan egongo da. Horrek orain dauden baliabideen optimizazioa ahalbidetuko du, baskula eta kontrolerako eraikina erabiltzen jarraitzeko aukera egongo baita.

Proiektu honen onura garrantzitsuenen artean, zabortegiaren itxieraz gain, hauek nabarmendu behar dira: Arratiako Mankomunitateko udalerriei (urtean 5.000 tona inguru sortzen dituzte) eskainitako zerbitzua hobetuko da eta garraioaren kostuak murriztuko dira. Hau da, Arratian bildutako hiri hondakinak Igorren trinkotuko dira, eta, handik, azken helmugara eramango dira; beraz, abantaila ekonomiko bat izatea eta kamioien joan-etorriak murriztea eragingo du.

Nabarmentzekoa da transferentzia-gune honetan hondakin handiak (altzariak, koltxoiak), inausketen eta lorezaintzako hondakinak eta 5. edukiontzikoak ere jasoko direla.