Aldundiak ingurumen-azpiegituren berri eman die Bizkaiko udal arduradunei

29 ekaina, 2013 adclick Sin categoría

 

BIZKAIMEDIA

Ingurumeneko Foru Sailak informazio-bisita bat antolatu du ingurumen-azpiegitura batzuk ikusteko. Horretarako, lurraldeko alkate guztiak gonbidatu ditu uztailaren lehenengo astean egingo diren bisita gidatu batzuetara.  Bisitaren helburua da hiri-hondakinak tratatzeko ingurumen-azpiegituren berri ematea gure lurraldeko udal arduradunei: Artigasko Konpostaje Planta, Tratamentutegi Mekaniko Biologikoa (TMB) eta Koopera Reusing Center planta. 

Ingurumeneko Foru Sailaren eta Bizkaiko udalen arteko lankidetza estuaren beste adierazle bat dira bisitaldiok.  Udalek iraunkortasuna lortzeko Toki Agenda 21en prozesuak egiten ari zirenetik, Aldundiak lagun izan die, bai bana-banan udal bakoitzari, bai eskualdeetako Udaltalde 21en bidez edo mankomunitateen bidez.  Ildo horretan, laguntza-lerro bat dago toki-ekintzako planetan aurrez ikusita dauden lehentasunezko jarduerak egiteko. Horrez gainera, foru erakundeak beste laguntza batzuk eskaintzen ditu materia organikoa biltzeko bosgarren edukiontzia jartzeko edo hondakinen kudeaketa integralerako jarduerak egiteko. Izan ere, jarduera horiek guztiek laguntzen dute udalerrietako ingurumena hobetzen.

Bisita honi esker, udal arduradunek Tratamentutegi Mekaniko Biologikoa (TMB) ikusi ahal izango dute; instalazio horrek hondakinen tratamendurako Bizkaiko azpiegitura nagusiak osatzen ditu.  Proiektuak, era berean, aukera emango du beste helburu batzuk lortzeko eta nazioartean postu on batean kokatzeko hondakinen kudeaketaren arloan. Azpiegitura horretan, Bizkaiko hiriburuaren hondakinak tratatuko dira, eta aro berri bat hasiko da hondakinen kudeaketan: hondakin bat bera ere ez da joango hondakindegira aurretik tratamendua jaso gabe.

Tratamentutegi Mekaniko Biologikoa Arraizen dago; 43 milioi euro baino gehiago inbertitu dira egiteko, eta 70 lanpostu sortu dira hari esker.  Lorpenik handiena da Bizkaiko hondakin guztiak hondakinen hierarkiaren arabera (prebentzioa, berrerabilera, birziklatzea, balorizazio energetikoa eta desagerraraztea) tratatuko direla desagerrarazi aurretik.  Ez da hondakindegira joango aurretik tratamendua izan ez duen ezein hondakinik, eta Hondakinak Kudeatzeko Planean 2016. urterako aurrez ikusten zen helburua (0 isurketa gordin) bi urte lehenago lortuko da.

Bestalde, urterik urte hiri-hondakinen sorrera, gaikako bilketa eta tratamendua hobetzek ari den  azpiegitura-sarearen benetako ikuspegi bat izango dute udal arduradunek. Balorizazio materialaren edo energetikoaren ehunekoak gora egin du pixkanaka-pixkanaka, eta % 73ra heldu da. Horrela, bada, Europar Batasunak hondakinen arloan 2016rako ezarri zituen helburuak betetzen ari da Bizkaia urte batzuetatik hona. Azkenik, azpimarratu behar dugu Bizkaian gaika biltzen diren hondakinen % 90 berrerabili edo birziklatu egiten dela.