Aldundiak milioi bat euro erabiliko ditu Bizkaiko udalerrietan hondakinen kudeaketa eraginkorra eta iraunkorra sustatzeko

12 urtarrila, 2023 Zabalgarbi Sin categoría, Zabalgarbi Noticias EU

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Foru erakundeak berriro ere konpostajea sustatzeko, zaborren gaikako bilketa areagotzeko eta berrerabiltzea eta hondakinen prebentzioa bultzatzeko udal eta mankomunitateentzako laguntzen ildoa abiarazi du. Foru egoitza elektronikoaren bidez apirilaren 3ra arte eskatu ahal izango diren dirulaguntza hauekin besteak beste honako jarduketa hauek finantzatuko dira: elikagaien xahuketarekin edo plastikoen erabilerarekin lotutako sentsibilizazio-kanpainak; telekontrol- eta identifikazio-sistemak ezartzea; eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (EEH) kudeatzeko udal-ordenantzak garatzea; edukiontzien erabileraren optimizazioa; berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko hobekuntza teknologikoak dituzten hondakinak biltzeko ibilgailuak erostea; hondakinak kudeatzeko eta/edo prebenitzeko tokiko planak idaztea, edo edukiontziak erostea. 20.000 biztanletik beherako udalek 80.000 euro jasoko dituzte gehienez, eta 20.000 biztanletik gorako udalek gehienez 120.000 euro laguntzak jaso ahal izango dituzte.

Bizkaiko Foru Aldundiak bere gobernu-kontseiluan onartu du urtero lurraldean hondakinen kudeaketa eraginkorra eta iraunkorra sustatzeko abian jartzen duen laguntzen ildoa.  Dirulaguntza hauek milioi bat euroz hornituta daude eta udal eta mankomunitateei zuzentzen zaizkie, foru erakundeak ezarritako helburu orokorretan toki mailan aurrera egitea ahalbidetuko duten hainbat jarduketa gara ditzaten, Europar Batasunak ezarritako hierarkiarekin bat hondakinetan dauden baliabideak aprobetxatzeko. Azken batean tokiko erakunde horiek motibatu eta lagundu nahi dira, konpostajea sustatzeko, zaborren gaikako bilketa areagotzeko eta hondakinen berrerabilera eta prebentzioa sustatzeko.

Zehatzago esanda laguntza hauekin sei eremutako neurriak finantzatuko dira:

  • Hondakinen prebentzioa eta ingurumen-hezkuntza,  besteak beste elikagaiak xahutzearekin, plastikoak erabiltzearekin eta gauzak konpontzearekin, berrerabiltzearekin eta birziklatzearekin lotutako sentsibilizazio-kanpainak abian jarriz edo ingurumen-hezkuntzako zerbitzuak emanez (300.000 euro).
  • Hondakinak biltzeko eta kontabilizatzeko prozesua digitalizatzea telekontrol- eta identifikazio-sistemak ezarriz, edo konposta jatorrian kuantifikatzea (200.000 euro).
  • Aholkularitza teknikoa eta prestakuntza eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko udal-ordenantzak garatzeko eta edukiontzien erabilera optimizatzeko; era berean, arlo honen barruan sartzen da hondakinak kudeatzeko eta/edo prebenitzeko tokiko planak idaztea, edo hondakinen udal edo eskualde mailako laginketak, karakterizazioak eta konposizio-azterketak egitea (100.000 euro).
  • Bilketa espezifikoak, legez kanpoko isurketak jaso eta ezabatzeko sistemak edo tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak atez ate biltzeko sistemak ezarriz (100.000 euro).
  • Berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko hobekuntza teknologikoak dituzten hondakinak biltzeko ibilgailuak erostea. Eremu honetarako laguntzen munta osotik 100.000 euro destinatuko dira.
  • Kudeaketarako baliabideetan inbertitzea, barne hartuta hondakinak biltzeko udal-edukiontziak, poltsa konpostagarriak, merkataritzako eta ostalaritzako frakzio berrerabilgarriak eta birziklagarriak biltzeko edukiontziak eta kuboak erostea; sarrailak, giltzak, autokonpostagailuak, konpostagailu komunitarioak eta birringailuak. Laguntzen barruan ekintza hauek 200.000 euroko aurrekontua dute.

Udalek eta mankomunitateek eskuratu ahal izango duten zenbatekoa garatu beharreko ekintzaren kostuaren % 100era irits daiteke baina, hori gorabehera,  toki erakundeek 80.000 euroko gehieneko zenbatekoa jaso ahal izango dute 20.000 biztanletik beherako udalerrien kasuan eta 120.000 eurokoa  20.000 biztanletik gorako udalerrien kasuan.

Laguntzak norgehiagoka-erregimenean emango dira eta apirilaren 3ra arte eskatu ahal izango dira.