Aldundiak Uri Hondakinen Kudeaketa Planeko helburu “gehienak” beteten ditu
BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan lntegralaren (BHHKPI) 2005-2016 hirugarren eta azken barrikuspenaren emaitzak azaldu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan.
Bertan ikusi daitekenez, Estaduak eta EAEk arlo horretan markau dituen 13 helburuetatik lurraldeak 10 bete ditu. Holan, bat baino ez da bete barik geratu, petrolio gordinaren zero isurketarena –aurretik tratamendurik jaso ez daben hondakinen isurketea– hondakindegietara. Beste bi, aparatu elektrikoei eta elektronikoei eta beirazko edukiontziei, paperari, metalei, plastikoei eta egurrari jagokezanak, “modu partzialean” bete dira, Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatu andreak azaldu dauenez.
Zehatzago esanda, Bizkaiak 527 uri hondakin kilo sortu ditu biztanle eta urte bakotxeko, 2001ean sortutako kopuru berbera, Garapen Iraunkorrerako 2002-2020 Ingurumen Estrategian jasoten danez. Estrategia horretan bertan, hondakindegietara eroaten diran hondakinen ehunekoa 2010an %30era arte murriztea ezarten zan. Gure lurraldean, ehuneko hori %19,1ekoa izan da 2016an.
Bizkaiak bete egin dau pilen, baterien eta akumuladoreen hondakinei jagokenez Estaduak arautu dauena. Bertan ezarten zanez, 2020rako birziklapen tasea %50ekoa izan beharko litzateke, eta 2016an Bizkaian ehuneko hori %80,6koa izan da. Eta bete egin da, baita be, 2016rako, 1995ean hondakindegietara eroaten ziran balioak %25 murrizteko helburua ezarten eban hondakin biodegradagarrien inguruko Estadu mailako araua. Bizkaian, azkenengo murrizketa hori 130.768 tonakoa zan, aurreko urtean lortutako kopurua, 45.625 tonakoa, baino askoz altuagoa. Estaduak %60an ezarri dauen “balorizazino” tasea gainditzea be lortu da (Bizkaian, sortzen diran uri hondakinen %80,9a aprobetxetan da).
Bizkaiko lurraldeak modu partzialean bete ditu Estaduko arautegiak markautako beste helburu batzuk: ez da osorik bete aparatu elektrikoen eta elektronikoen batuketa selektiboa 4,6 kiloraino handitzearena, biztanle eta urte bakotxeko 3,36 kilo bakarrik batzen diralako; eta ez da birziklapen tasaren %60ra heldu beirari eta paperari eta kartoiari jagokenez, %59an eta %54an geratu diralako, hurrenez hurren. Halanda be, metalezko, plastikozko eta egurrezko edukiontzien birziklapenak alde handiz gainditu ditu markautako helburuak.
Markautako erronken artean bete barik geratu dan bakarra petrolio gordinaren zero isurketarena izan da, BHHKPIk berak ezarritakoa. 2004. urtetik hondakindegiaren erabilerea pixkanaka murriztuz joan dan arren –urte haretan sortutako hondakinen %53,8 bertara eroaten zan–, 2016ko %19,1era helduz, arlo horretan oraindino hobera egin behar dogu. Gainera, gogorarazo behar da azkenengo urtean eragina izan dauela Tratamendu Mekaniko Biologikoko plantan, TMBn, egin dan grebak.
PLANAREN HELBURUAK ETA II. BHHKPI-AREN LUZAPENA
Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan lntegralaren barrikuspenaren alderdi garrantzitsuenetakoa, dokumentu horretan jasotako helburuak betetearen azterketea da. Holan, azpimarratu behar da prebentzinoaren eta barriro erabilteko prestaketaren arloan, pertsona eta egun bakotxeko sorkuntzari 1,13 kilotan eustea lortu dala (hori da, hain zuzen be, 2016an sortu zan kopurua), merkataritza arloko hondakinek 220.000 tona ez gainditzea (igaz 130.018 tona izan ziran) eta uriko hondakinen sorkuntza 697.000 tonatik gorakoa ez izatea (2016an 605.232 tonatan geratu da). Gainera, uriko hondakinen birziklapenaren helburua be gainditu da. BHHKPIk %40an ezarri dau, eta igaz %43,78ra heldu zan.
Baina, konpostatzeari jagokonez, ez gara heldu Europatik markautako %4ko tasara, tasa hori %1,1ekoa dalako. Hori dala eta, neurri gehiago eta jarduketa osagarriak prestauko dira, gitxienez ehuneko horretara heldu ahal izateko. Holan, “urtea bukatu aurretik”, Aldundiak “plan pilotu” gat gura dau martxan jarri Lea Artibain, daborduko prestauta dagozan okela eta arrain hondakinak jasoteko eta, holan, edukiontzi marroira doan hondakinen kopurua handitzeko.
Egindako azterketatik ikusi daiteke Bizkaian aurrera eroaten ari dan hondakinen kudeaketa politikea bat datorrela Europako jarraibideakaz, “hobekuntzarako tartea” egon badagon arren. Eta Europan aldaketak aurreikusten diranez, Aldundiak II. BHHKPIaren indarraldia 2020. urtera luzatzea proponidu dau. Luzapen horren helburua, 2030era arte jarraibide barri horreek markauko dituen erronkakaz bat etorriko dan plangintzea egin ahal izatea da.