Bilbo, ISWA kongresuaren egoitza ofiziala
BILBOKO UDALA
Bilbon, 2016ko uztailaren 1ean. Bilbok ISWA –International Solid Waste Association- Munduko Kongresua hartuko du 2019. urtean. Kongresuak hondakin solidoen kudeaketa iraunkorrari buruzko eztabaida zientifiko eta teknikoaren nazioarteko erdigune bihurtuko du hiria. Bost kontinenteetako 80 herrialdetako 1.200 adituk hondakinen tratamendu integralaren eremuan dauden joera eta teknologia berriak aztertuko dituzte. Kongresu honekin, Bilbok mundu osoan ezagunak diren ekitaldi garrantzitsuak erakartzeko duen indarra erakutsiko du, eta oraingoan, hautagaitzak beste hiri batzuena gainditu du, besteak beste, Oslo (Norvegia), Rotterdam (Holanda) eta Budapestena (Errumania); izan ere, horiek ere kalitate handiko proposamenak aurkeztu zituzten.
ISWA World Congress Bilbao 2019ren ospakizunak Bilboko Udalak ekitaldi handiak erakartzeko eta hiriaren irudia nazioartean proiektatzeko duen konpromisoari erantzuten dio, baina funtsean, kasu zehatz honetan, ingurumenarekiko konpromisoaren emaitza da eta 2020rako, 2005. urtearekin alderatuz, CO2 igorpenak % 30,8 murrizteko helburuaren emaitza ere bai. Azkenean Bilbo kongresuaren egoitza gisa aukeratzeko, ISWAk hirian eta Bizkaian dauden hondakinak tratatzeko instalazioen sarea aztertu du, esaterako, Artigaseko tratamendu eta balorizazio energetikoaren planta.
ISWA Munduko Kongresua Bilbon ospatuko da 2019ko urriaren 7an, 8an eta 9an Euskalduna Jauregian; hori horrela izango da laguntza publiko-pribatuari eta erakundeen arteko laguntzari esker. Bilboko Udalak hasieratik babestu du Hondakinak, Hiri Garbiketa eta Ingurumena Kudeatzeko Elkarte Teknikoak –ATEGRUS- aurkeztutako proposamena. Horrek entitate publikoak eta enpresa pribatuak hartzen ditu barne, eta ISWAren kide nazionala da Espainian. ATEGRUS; Bilboko Udala; Eusko Jaurlaritza; Bizkaiko Foru Aldundia; Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa; Euskal Herriko Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatearen arteko inplikazioa eta etengabeko lana izan dira Bilboren hautagaitzaren arrakastaren beste bi oinarri.
ISWAren Zuzendaritza Batzordearen eta Batzorde Zientifikoaren bisitak
Kongresua ospatu baino lehen, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandiano ISWAren Zuzendaritza Batzordearekin bildu da gaur; bilera horretan, ekitaldiaren zehaztasunak finkatuko dira eta Ameriketako Estatu Batuetan, Frantzian, Danimarkan edo Alemanian hondakinen kudeaketari lotuta dauden maila handiko enpresetako eta entitate publikoetako arduradunekin harremana ezarriko da. ISWAren batzorde zientifikoa ere Bilbon dago prestatzeko bilera bat egiteko eta zuzenean ezagutzeko Euskalduna Jauregia eta Bizkaiko hiriburuak eskaintzen dituen zerbitzu eta azpiegiturak, ospakizuna arrakastatsua izan dadin.
Ingurumenaren Astea eta jardunaldi teknikoak, Kongresua baino lehen
2019ko urriko hitzordu handia baino lehen, Bilbok zenbait ekitaldi hartuko ditu 2017an eta 2018an, profesional eta herritarren artean hondakinen kudeaketa integrala eta iraunkorra burutzeko beharra hedatzeko. Datorren urtean, “Ingurumenaren Astea” ospatuko da Bilbon. Aste horretan, zenbait jardunaldi tekniko egongo dira, non hondakinen kudeaketarekin eta birziklapenari lotutako estatuko antolakunde nagusiek hartuko duten parte. Gainera, ingurumenaren gaineko kontzientziazio- eta hezkuntza-ekintzak egingo dira eskoletan, haurrek barneratzeko beharrezkoa dela guztiok ingurumenarekiko arduratsuak izan gaitezen.
Gaian adituenak diren pertsonak nazioarteko hiri garrantzitsuetan bildurik
ISWA Bilbao 2019 Munduko Kongresuak hondakinen kudeaketarekin zerikusia duten mundu osoko adituak erakarriko ditu, alor zientifikotik eta teknikotik erakundeen alorrera arte. Gainera, sektoreko enpresetako ordezkariak eta unibertsitateko ikasleak ere bilduko ditu. Ekitaldian hondakinen kudeaketa integralean dauden esperientziak, jardunbide egokiak eta joerak partekatu ahalko dira. Horrez gain, eremu horretan dauden azkenengo garapen teknologikoak ere ezagutu ahalko dira. Beste gai batzuk ere aztertuko dira, esaterako, ekonomia berdea, baliabideen eraginkortasuna, prebentzio-politikak eta zabortegien iraunkortasuna.
ISWA World Congress ekitaldia hartzen duten hiri guztiak garrantzitsuak dira nazioartean. Aurten, Navi Saden (Serbia) ospatuko da eta 2017ko eta 2018ko edizioak Baltimoren (Ameriketako Estatu Batuak) eta Kuala Lumpurren (Malasia) izango dira. Aurretik, Daegun (Hego Korea), Florentzian (Italia), Vienan (Austria), Sao Paolon (Brasil) eta Anberesen (Belgika) egin da, besteak beste.
ISWAri buruz
ISWAk nazioarteko lankidetzaren alorrean lan egiten du eta zenbait ekimenekin parte hartzen du eta ari da elkarlanean, esaterako, United Nations Environment Programme (UNEP-DTIE), Global Partnership on Waste Management (GPWM), Climate & Clean Air Coalition (CCAC), United Nations Industrial Development Organisation (UNIDO), World Health Organisation (WHO), Global Methane Initiative (GMI) eta Low Emissions Development Strategies (LEDS) Global Partnership.
Nazioarteko elkarteak eskualdeko hiru garapen-sare ISWA sortu ditu Asian eta Pazifikon, Europako hego-ekialdean eta Mediterraneoan eta Latinoamerikan. Lan-sare horiek sortu dira era eraginkorragoan heltzeko ISWAk presentzia gutxi duen eskualde horietara. Gainera, hondakinen kudeaketaren, energiaren eta ingurumenaren eremuko gai desberdinetan oso aktiboak diren 10 lantalde ditu.