Birziklatzeko gaikako bilketa-tasa %1,38 hazi da Bizkaian eta Eusko Jaurlaritzak 2020rako ezarri zuen %50ra iritsi da ia
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Gaur egun, Bizkaiak bere hondakinen % 49,81 gaikako bilketa-sistemaren bidez biltzen du eta, gaur egungo aurrera egiteak jarraitzen badu, aurten, 2019an, aipaturiko helburua beteko du urtebeteko aurrerapenarekin. Iaz 646.725 tona hondakin sortu ziren. Errefusak azken sei urteetako beheranzko joerarekin jarraitzen du. Hondakin gordinak ez botatzeko daukagun helburua erdiestear gaude, izan ere, zabortegira tratatu gabe iristen den hondakinaren ehunekoa jaitsi egin da berriz ere eta % 0,67koa da bakarrik. Paper-kartoiaren frakzioa da bilketa-bolumen handiena duen eta hazkunderik handiena izan duen frakzioa (2017an baino 5.291 tona gehiago). Edukiontzi marroiaren bilketa-tasak gora egin du berriro ere, 2017ko % 1,35etik iazko % 1,77ra arte.
Birziklatzeko gaikako bilketa-tasa % 1,38 hazi zen aurreko urtean zehar eta % 49,81ean kokatzen da. Tasa horrekin, Bizkaia, Eusko Jaurlaritzaren helburuek ezarritako % 50eko gaikako bilketari dagokionez, bi urteko aurrerapenarekin dago eta, hazkunde-erritmo horrekin jarraitzen badu, helburu hori lortu ahalko luke ezarritakoa baino urtebete lehenago.
“Bizkaiko herritarrek birziklapenarekin duten konpromisoa erakutsi dute berriro ere. Horrek, Gobernuak eta Europak ezarri dituen helburuetatik gertuago egoten laguntzen digu. Era berean, ekonomia zirkularraren eredu bateranzko bidea egiten laguntzen digu. Ekonomia zirkular horrek, lehiakortasuna eta hazkunde ekonomiko iraunkorra bultzatuko ditu, lanpostu berriak sortuko ditu eta Bizkaia berdeago bat eraikiko du. Bide horretan jarraitu behar dugu, birziklapenerako gaikako bilketa-tasa handituz. Baina, era berean, sortzen dugun hondakin-kopurua murrizteko ahalegina egin behar dugu. Ahal dugun guztia egin behar dugu horretarako. Sortzen ditugun hondakinen kopurua murrizteko gai bagara eta, aldi berean, birziklapena handitzen jarraitzen badugu, Bizkaia puntako lurralde bilakatu ahalko dugu Europan eta munduan”, adierazi du Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak.
Hondakinen sorrera murriztea da, hain zuzen ere, Bizkaiaren erronketako bat: oro har, hondakinen sorreraren zifra hazi egin da eta 646.725 tonara iritsi da (2017an baino % 1,41 gehiago). Baina hazkunde hori gaika bildutako hondakinen guztizko kopuruan gertatu den hazkundearen antzekoa da.
Esanguratsua da, bestalde, masa-bilketan gertatu den jaitsiera —guztira, 352.729 tona (2017an baino 2.634 tona gutxiago)—, nagusiki, frakzio horretan azken sei urteetan eman den beheranzko joera baieztatzen duelako. Horrek esan nahi du herritarrek geroz eta hondakin gehiago bereizten dituztela.
Frakzioen araberako azterketa batean, bilketa-kopuruan gertatu den hazkunderik handiena paper-kartoiaren frakzioan eman da, izan ere, 90.238 tonarekin (aurreko urtean baino 5.292 tona gehiago) datu onenak eskaintzen dituena izan baita berriro. Horren atzetik datoz beiraren bilketa —26.484 tonarekin (2017an 25.655 tona)— eta ontzi arinena —18.100 tonarekin (2017an baino 1.187 tona gehiago)—. Hondakin organikoaren gaikako bilketa hazi egin da beste urte batez; 10.729 tona bildu dira, hau da, % 1,77ko tasa (2016an % 1,35ekoa izan zen).
Azken frakzio horretako bilketaren hazkundea lehentasunetako bat izan da Bizkaiko Foru Aldundiarentzat, eta hala da gaur egun ere. Hori dela eta, Foru Aldundiak ahalegin handia egiten ari da, bosgarren edukiontzia ezartzeko laguntza eskainiz. Laguntza horri esker, Bizkaiko 92 udalerritan bosgarren edukiontzi hori ezartzea eta organikoaren bilketan arrain- eta haragi-hondakinak (gordinak zein kozinatuak) sartzeko proba pilotuaren gisako ekimenak egitea lortu da. Ahalegin horrek emaitza positiboa izan du, izan ere, hazkunde progresiboa lortu da bildutako hondakin biologikoen kopuruan. Goranzko joera horren ondorioz, Aldundiak Konpostegin hobekuntza-obrak egitea planifikatu du, hasierako fase batean, planta horrek konposta sortzeko duen ahalmena bikoizteko.
Hondakinen helmugari dagokionez, zabortegira eraman den hondakin-kopuruak gora egin du pixka bat (% 0,82), Gipuzkoatik datozen hondakinen ondorioz. Baina gorakada txiki horrez gain, zabortegian tratatu gabe botatzen diren hondakinen ehunekoa ere murriztu egin da, 2017ko % 1,88tik aurreko ekitaldiko % 0,67ra igaro baita. Horri esker, Bizkaia are eta gertuago dago hondakin gordinak ez botatzeko ezarri zen helburutik.
2018an zehar, era berean, balorazio energetikoaren ehunekoa % 2,21 murriztu da.
Bizkairezikla
Birziklatzeko orduan sarrien agertzen den arazoetako bat da jakitea zein edukiontzitan utzi behar den hondakin mota bakoitza. Bizkairezikla tresna digitalarekin, arazo hori konponduta geratuko da. Tresna hori Garbiker foru sozietate publikoaren web orrian eskuratu daiteke, eta, bertan, erabiltzaileek kontsultak egin ditzakete zein edukiontzi dagokion hondakin mota bakoitzari argitzeko. Horretarako, tresna honek 6.000 hondakin mota baino gehiago sailkatzen ditu 19 kategoriatan: elikadura, haurtxoak, brikolajea, elektronika eta etxetresna elektrikoak, ontziak, higienea, argiteria, informatika eta telefonia, jolasak, jostailuak eta kirolak, eskolako eta bulegoko materiala, farmazia, tresneria eta etxea, altzariak, ibilgailuak, etxeko obrak, pilak eta bateriak, ehunak eta osagarriak, garbiketa eta beste batzuk.