Birziklatzeko gaikako bilketaren portzentajea % 4,65 hazi da Bizkaian 2017an
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak eskertu egin du azken urteetako emaitzak hobetzearen eta Europak ezarritako helburuetara hurbiltzearen ondoreetarako birziklatzearekin konpromiso handiagoa eskatuz Ahaldun Nagusiak egin zuen deialdiaren ostean herritarrek egin duten ahalegina. Iaz 637.728 tona hondakin ekoitzi ziren. Hazi egin da hondakin organikoen, paperaren-kartoiaren, beiraren eta ontzien gaikako bilketa. Aurten, berriz ere eta azken bost urteetako joera berretsiz, jaitsi egin da amaieran baztertzen den zatikiaren bilketa. Hondakindegira eramaten diren hondakinak % 2,61 gutxitu egin dira; ildo horretatik, azpimarratu egin behar da Bizkaian aurretiazko tratamendurik gabe hondakindegietara eramaten diren hondakinen portzentajea % 1,88 dela, ezarrita dagoen zero isurketa gordineko helmugatik oso hurbil.
Birziklatzeko gaikako bilketaren tasa % 4,65 hazi da Bizkaian 2017an zehar eta gure Lurraldean tratatu ziren hondakinen % 48,43koa izan zen, Foru Aldundiak gure Lurraldeko Hondakinen Behatokiaren bidez jaso dituen datuen arabera.
Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak, Elena Unzuetak, eskertu egin du Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, iaz hobeto eta gehiago birziklatzeko egin zuen deialdiaren ostean herritarrek egin duten ahalegina. “Herritarrek, beraz, beren gain hartu dute Ahaldun Nagusiak iaz aurkeztu zien erronka. Birziklatzearekin konprometituta daudela erakutsi dute. Eta horri esker, gertuxeago gaude Europak ezarritako helburuetatik. Hala ere, oraindik ere, egin gabeko bidea dago. Baina gaikako bilketako tasaren gehikuntza aurrerapauso bat da. Beste bultzada bat. Eta norabide berean jarraitu behar dugu. Europak markatzen dizkigun helburuetarantz. Izan ere, helburu horien bidez, ekonomia biribileko eredu baterantz abiatu ahal izango gara, zeinean bultzatzen diren lehiakortasuna, hazkunde ekonomiko iraunkorra eta enpleguaren sorrera. Horrez gainera, Europaren helburuak betetzeak aurrizki bat ekarriko die udalei zein mankomunitateei; ondorioz, baliabide ekonomiko gehiago esleitu ahal izango dizkiete beste zerbitzu publiko batzuei. Birziklatzen badugu, guztiok irabazten dugu. Birziklatzea apustu zentzuduna eta egin beharrezkoa da; ezinbestekoa, lurralde moderno eta arduratsua izan nahi badugu”, adierazi du Unzuetak.
Gutxitu egin da, % 2,61, hondakindegietara eramaten diren hondakinen kopurua eta portzentaje hori gure Lurraldean tratatu zen munta osoaren % 16,47koa izan da. Hondakindegietara eramaten diren hondakinen kopuruaren murrizketa Bizkaiko Foru Aldundiak markatu dituen beste helburuetako bat da; halaber, erakundeak bere buruari ezarri dizkion lehentasunen artean zero isurketa gordina dago (hondakindegietara aurrez tratatu gabeko hondakinik ez eramatea). Gai honi dagokionez Bizkaian hondakindegietara eraman diren hondakin gordinen portzentajea 2017an % 1,88koa izan da, foru erakundeak ezarritako % 0ko helburutik oso hurbil dagoena.
Halaber, iaz % 2,04 gutxitu da balorizazio energetikorako destinatzen den hondakinen kantitatea.
Oro har hondakinen sorkuntzaren munta osoa hazi egin da eta 637.728 tonakoa izan da, 2016ko kopurua 605.232 tona izan zenean; dena dela, hazkuntza hori gaika bildu diren hondakinen kopuru orokorraren hazkuntza baino baxuagoa izan da, hori 37.913 tona izan baita.
Sortu diren hondakinen kantitate oso horretatik 355.363 tona amaieran baztertu egiten den (gaika biltzen ez diren) frakziokoak izan dira; beraz, arlo horretan jaitsiera gertatu da 2016ko ekitaldiarekin alderatuta eta mantendu egiten da azken bost urteetako beheranzko joera.
Gaikako bilketaren datuen arabera gairik gehienen bilketan hazkuntza gertatu da. Tona bolumenik handiena izan duena, berriz ere, papera-kartoia izan da; gai horretan 84.947 tona bildu ziren, 2016an baino 8.339 tona gehiago. Horren atzetik kokatu dira beira (25.655 tona, aurreko urtean 25.355 izan zirenean), ontzi arinak (16.913 tona, hau da, 2016an baino 952 tona gehiagorekin) eta hondakin organikoak (8.139 tona, 2016an 6.613 tona izan zirenean).
Azken gai horren emaitzen arabera esan behar da konposta egiteko hondakinen gaikako bilketari dagokionez hazkuntza % 0,21ekoa dela, 2016ko % 1,14tik 2017ko % 1,35era igo delako. Bizkaiko Foru Aldundiaren lehentasunen artean portzentaje hori gehitzea dago eta horretarako ahalegin handia ari da egiten, laguntzak emanda, bosgarren edukiontziaren ezarpenean; laguntza horien munta 4,6 milloi euro izan da 2012tik 2017ra eta aukera eman du dagoeneko 95 herritan edukiontzi marroia jartzeko. Gai organikoen bilketaren sustapen hau, aldi berean, joan den urtearen amaieran Lea Artibai eskualdean hasi zen froga pilotua bezalakoekin lortu nahi da. Froga pilotu honen bidez gai organikoaren bilketan arrain eta haragien hondakinak sartu dira, hala sukaldean erabilitakoak nola gordinak.
Beste alde batetik, Bizkaiko Garbiguneetan 2017an zehar guztira 26.632 tona jaso dira, eta 265.263 pertsona izan dira Garbiguneen zerbitzu hau erabili dutenak.
Baliokidetzak
2017ko balantzea kontuan hartuta, honako hauek esan daitezke:
- Baztertzen den frakzioarekin egin diren tratamenduekin Bizkaiko etxeetan kontsumitzen den energiaren % 40 ekoiztea lortzen da.
- Biltzen diren bio-hondakinei eta sortu den konpostari esker San Mames moduko 1.000 zelai ongarritu daitezke.
- Gure Lurraldean biltzen diren ontzi arinei esker urte baten 5,8 milioi litro erregai fosilen baliokidea aurrezten dugu.
- Bizkaian urte baten birziklatzen den beirari esker 20,3 milioi botila ekoizten dira, hau da, gure Lurraldean 10 urtetan ekoizten den txakolina botilaratzeko beste.
- Garbiguneetan urte baten zehar biltzen diren eta birziklatzen diren eraikuntzako eta eraispenetako hondakinek, besterik gabe, kontrolik gabeko isurketen 5.000 gune eragingo zituzten.