Bizkaia. Aldundiak 1.299.000 euroekin lagundu ditu hondakinen kudeaketa eraginkorra eta jasangarria sustatzeko tokiko erakundeen proiektuak
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Foru Aldundiak helburu hori duten 36 Udal eta mankomunitateren ekimenak lagundu ditu, Bizkaiko herritarren % 67,11rengan izango dute eragina Erakundeek inbertsioak garatzeko behar zuten zenbateko guztiaren zati bat bideratu da hondakinak kudeatzera, hondakinak batzeko ibilgailuak eskuratzera, berariazko bilketei edo hondakinen bilketa edo denbora errealeko kontrola digitalizatzeari lotutako jardueretara, aholkularitza teknikora eta prestakuntzara, edo ingurumen heziketako edo prebentzioko lanetara.
Foru Aldundiak tokiko 36 erakunderen artean -Udalak eta mankomunitateak- laguntzak banatu ditu, guztira, 1.299.599 euro, lurraldean hondakinak modu eraginkorrean eta jasangarrian kudeatzea sustatzeko xedea duten proiektuak diruz laguntzeko, eta horiek Bizkaiko herritarren % 67,11rengan izango dute eragina.
Dirulaguntzen zatirik handiena ingurumen heziketako edo prebentzioko kanpainak garatzera bideratu da (498.412 euro), baita hondakinak kudeatzeko bitartekoetan inbertitzeko ere, hala nola sorgailu handietarako, etxeko poltsetarako, autokonpostagailuetarako, birringailu eta konpostagailu komunitarioetarako edukiontziak eta kuboak erostea, baita etxeko giltzak, sarrailak edo ontziak ere, organikoa biltzeko (497.319 euro).
Hondakinak jasotzeko ibilgailuak eskuratzea hirugarrena da zerrendan, bere zenbatekoari (118.985 euro) dagokionez, eta gainerako laguntzen artean daude udal erakundeei emandakoak hurrengoetarako: ordenantzen garapenari, edukiontzien banaketa optimizatzeari eta ibilbideen plangintzari buruzko edo komunitateko konpostaje prozesuei buruzko aholkularitza jasotzeko (72.248 euro); hondakinak digitalizatzera eta kontabilizatzera bideratutakoak, zehazki, 57.248 euro erabiliko dira edukiontziak bete eta pisatzeko telekontroleko proiektuetarako, erabiltzaileak ezagutzeko sistema informatikoetarako eta hondakinak denbora errealean kontrolatzeko sistemetarako; eta bilketa espezifikoak egiteko, hala nola inausketa eta lorezaintzako hondarrak edo legez kanpoko isurketen prebentzioa (55.318 euro).
Laguntza ildo hori aurretiaz zegoen edukiontzia instalatzeko dirulaguntzen programaren bilakaera da, izan ere, programa hori aldatu egin da eta orain atal gehiago ditu. Horrela helburu zabalagoak ditu, zati organikoaren bilketa finkatzea baino.