Bizkaia. Uri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integrala luzatzea onartu du Aldundiak, plan berria EBko zuzentarauen aldaketei egokitz

4 apirila, 2018 Zabalgarbi Zabalgarbi Noticias EU

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Luzapenak 2020ko abenduaren 31ra arte iraungo du, planifikazio egokia egiteko, hondakinei, hondakindegiei, bilgarriei, ibilgailuei, pila eta metagailuei eta tresna elektriko edo elektronikoen hondakinei buruzko esparru-zuzentarauetan egingo diren aldaketek 2030era arte ekarriko dituzten erronkei begira. Luzapen hori arautzen duen foru araua Batzar Nagusietara eramango da, bertan izapidetu eta onesteko. II. BUHKPIaren azken ebaluazioak erakutsi du Bizkaiak guztiz bete dituela Estatuak eta EAEk hondakinen alorrean ezarritako 13 helburuetatik 10, zati batean bete dituela tresna elektriko eta elektronikoei eta beirazko ontziei, paperari, metalei, plastikoei eta zurari dagozkiena, eta hondakin gordinik (aurrez tratatu gabeak) batere ez isurtzeko helburuan bakarrik huts egin duela.

Bizkaiko Foru Aldundiak, gaurko gobernu kontseiluan, Bizkaiko Uri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integrala 2020ko abenduaren 31ra arte luzatzeko foru arau proiektua onetsi du. Luzapen horren helburua da plan berri bat egitea, Europar Batasunak ekonomia zirkularraren arloko arau multzoan hasiak dituen aldaketek 2030. urtera arte ekarriko dituzten erronketarako egokia. Zehazki, hondakinei, hondakindegiei, bilgarriei, ibilgailuei, pila eta metagailuei eta tresna elektriko edo elektronikoen hondakinei buruzko esparru-zuzentarauetan ari da aldaketak egiten Europar Batasuna.

Luzapen horrek dagoeneko Bizkaiko Iraunkortasunerako Kontseiluaren oniritzia jaso du. Bizkaiko Batzar Nagusiak osatzen dituzten talde politiko guztiek dute ordezkaria kontseiluan, eta orain luzapena azken erakunde horretara eramango da, hurrengo hilabeteetan izapidetu, eztabaidatu eta onetsi dadin.

Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integralaren amaierako ebaluazioan ateratako ondorioak

Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integrala luzatzearen eta hondakinen kudeaketarako hurrengo plana Europak egingo dituen aldaketei  egokitzearen aldeko apustua egin baino lehen, 2016ra arte indarrean egon den planaren behin betiko emaitzak ebaluatu dira. Ebaluazio horretatik ateratako ondorio nagusia da Bizkaiak erabat bete dituela Estatuak eta EAEk hondakinen kudeaketaren arloan ezarritako 13 helburuetatik 10, eta helburu bat bakarrik utzi duela bete gabe, hain zuzen ere hondakin gordinik —aurrez tratatu gabeko hondakinik— batere ez isurtzearena. Beste bi helburu zati batean bete dira: tresna elektriko eta elektronikoei dagokiena, eta beirazko ontziei, paperari, plastikoei eta zurari dagokiena.

Zehazki, Bizkaian 527 kilo hiri-hondakin sortu dira urtean biztanle bakoitzeko; hau da, 2011n sortutako kopuru bera. Beraz, 2002-2020 aldirako Garapen Iraunkorraren Ingurumen Estrategia bete egin da. Estrategia horrek, bestalde, zabortegiko hondakinen portzentajea % 30era murriztea ezarri zuen 2020. urterako, eta gure lurraldean ehuneko hori % 19,1 izan da 2016an.

Modu berean, Bizkaiak soberan gainditu du Estatuak pila-, bateria- eta metagailu-hondakinen alorrean ezarritakoa. Hain zuzen, % 50eko birziklapen-tasa ezarri zuen 2020. urterako; baina gure lurraldean % 80,6koa da dagoeneko 2016tik. Hondakin biodegradagarriei dagokienez, Estatuko araua ere bete egin da, zeinak 1995eko zabortegietako baloreak % 25 murrizteko helburua ezarri zuen 2016. urterako. Bizkaian, 130.768 tona gutxiago eraman dira zabortegira, iaz erregistraturiko benetako zenbatekoa baino askoz handiagoa (54.625 tona). Bestalde, lortu dugu Estatuak ezarritako balorazio-tasa gainditzea. Hain zuzen, Estatuak %60an ezarri zuen, eta Bizkaiak sortzen dituen hiri-hondakinen % 80 aprobetxatzen ditu.

Dena dela, estatuko arauen beste helburu batzuen kasuan, gure lurraldeak zati batean bete ditu: alde batetik, ez da lortu tresna elektriko eta elektronikoen gaikako bilketa 4,6 kiloraino handitzea, nahiz eta oso urrun ibili ez garen (biztanle bakoitzeko, 3,36 kilo gaika batu dira); eta, beste alde batetik, ez dugu % 60ko birziklapen-tasa erdietsi beiraren eta paperaren eta kartoiaren frakzioetan (% 59 eta % 54koak lortu dira, hurrenez hurren). Metalezko, plastikozko eta zurezko ontziei dagokienez, berriz, gainditu egin dira ezarritako helburuak.

Esan bezala, helburu bat baino ez da lortu: hondakin gordinen isurketa desagerraraztea. Helburu hori BUHKPIan bertan nahiz Eusko Jaurlaritzaren 2007-2010 urteetarako Ingurumeneko Esparru Programan ezarrita zegoen. Egia da 2004tik zabortegien erabilera progresiboki murrizten joan garela. Izan ere, urte horretan, hondakinen % 53,8k zabortegietan amaitu zuten eta, 2016an, aldiz, % 19,1 baino ez dira horietara bideratu. Dena dela, hobetzen jarraitu beharra dugu oraindik ere. Bestalde, zabortegiak hizpide ditugunez, aipatu beharra dago azken urte horretan nabaritu egin dela tratamendu mekaniko-biologikorako plantak (TMB) egindako greba.

Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralean bertan ezarritako helburuen betetze maila

Bizkaiko Uri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integralaren oinarrizko alderdietako bat da dokumentu horretan bertan jasotako helburuak noraino bete diren aztertzea. Ildo horretan, azpimarratzekoa da berrerabiltzearen inguruko prebentzioan eta prestaketan hainbat lorpen erdietsi direla: hala, hondakinen per capita sorrera eguneko 1,3 kiloan mantendu da biztanle bakoitzeko (kopuru hori sortu zen, zehazki, 2016an); lortu da merkataritzako hondakinek 220.000 tonako kopurua ez gainditzea (130.018 tona metatu ziren iaz); eta hiri hondakinen sorrera 697.000 tonatik beherakoa izan da (2016an, 605.232 tona sortu dira).

Bestalde, bete da hiri hondakinen birziklapenari lotutako helburua: Bizkaiko Uri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralak % 40ko tasa ezarri zuen eta, iaz, % 43,78koa izan da. Alabaina, ez da % 4ko portzentaje-tasara iritsi konpostajean (% 1,1ekoa izan da); beraz, neurri eta jarduketa osagarri berriak prestatuko dira, behintzat hasierako helburu hori lortzen saiatzeko.

Gorago adierazi dugun bezala, ez da lortu hondakin gordinen isurketa desagerraraztea; baina, burutu da gure lurraldearen beharrei erantzuteko beharrezkoak diren hondakin-kudeaketako azpiegiturak ezartzeko prozesua.