Bizkaiak agregakinak errepideen zoladurak sendotzeko berrerabiltzeko plana abian ipini du BI-3631 errepidean
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Errepideak artatzeko ekimen honetan ekonomia zirkularra eta berrikuntza biltzen dira. Hain zuzen ere, bost errepide-tartetan nahaste epelez sendotuko da zoladura. Nahaste horretan fresaketaren ondoren birziklatutako materialaren % 80 berrerabil daiteke. Lehenengoz BI-3631 errepideko Gueñes eta Sopuerta arteko 12,8 kilometroko tarte batean aplikatuko da.
Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak BI-3631 errepideko Gueñes eta Sopuerta arteko tarte batean egingo du errepideen zoladurak agregakinez egindako nahaste epelez sendotzeko egiteko asmoa duen bost jarduketetako lehena. Ekimen hau Bizkaiko Bide Azpiegiturak Berritzeko 2020-2023 Planaren barruan dago. Plan horren arabera, Europaren gidalerroak aintzat hartuz, teknika berriak erabiliko dira ekonomia zirkularra sustatzeko eta errepideak mantentzeko lanak jasangarriagoak eta ingurumenerako egokiagoak izateko
esan du Imanol Pradalesek.
Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak esan du zoladurak funtsezkoak direla errepideetan, eta etengabeko arreta eskatzen dutela. Errepideetako zoladurek arreta berezia eskatzen dute, haien egoerak eragin zuzena baitauka bide-segurtasunean, zerbitzuaren kalitatean, eta errepidearen iraunkortasunean. Horregatik, nahiko sarritan sendotu eta konpondu behar izaten dira, eta horretarako materialak eta dirua behar izaten dira. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak zenbait urte eman ditu probak egiten materialak berrerabiltzeko teknika berriak aplikatzeko, esaterako fresatutako nahaste bituminosoen hondarrak
azaldu du.
Fresatutako materialak berriz erabiltzea onuragarria da ekonomiaren aldetik zein ingurumenerako, eta ekonomia zirkularra sustatzen duen jarduketa da. Europaren gidalerroen arabera sektore eta administrazio publiko guztiek diseinu eta politika egokiak bultzatu behar dituzte hondakin gutxiago sortzeko, birziklatutako materialak berrerabiltzeko diseinuan eta ekoizpenean, birziklatzea sustatzeko, karbono-aztarna eta aztarna ekologikoa txikitzeko, besteak beste.
Zoladuretarako nahasteak fabrikatzeko erabiltzen diren tekniketako bat nahaste epela da. Teknika honek hainbat onura dauzka. Batetik, fresatutako material birziklatu gehiago berrerabiltzeko aukera ematen du. Berotan aplikatzen diren tekniken bidez eta ohiko instalazioetan fresatutako materialaren % 25 erabil daiteke berriro gehienez; nahaste epelen teknika erabiliz gero, berriz, materialaren % 80 erabil daiteke berriro.
Gainera, birziklatze epelean aglutinatzaile modura emultsio bat erabiltzen da, eta horregatik fabrikazio-tenperatura birziklatze berokoa baino baxuagoa da: 100 °C inguru, beroan 160 °C. Hori onuragarria da ingurumenerako, eta energia gutxiago kontsumitzen da.
Nahaste epelaren teknika EAEko zoladuren arauaren T3 eta T4 kategorietako trafikoa dagoen errepideetan aplikatu daiteke. Hain zuzen ere, planaren arabera 5 tartetan aplikatuko da, guztira 24,3 kilometro.
DENOMINACIÓN DEL TRAMO | CARRETERA | PUNTOS KILOMÉTRICOS | LONGITUD TOTAL (km) |
---|---|---|---|
Güeñes – Sopuerta | BI 3631 | P.K.21+200 al P.K 34+00 | 12,8 |
Arrigorriaga-Arkotza (por Zaratamo) | BI-3701 | P.K. 10+00 al P.K.13+00 | 3 |
Etxebarria | BI-2636 | P.K.53+200 a P.K.58+00 | 5 |
Bajada Bikotxgane-Orozko | BI-3513 | P.K.30+00 a P.K.39+00 | 9 |
Acceso a emisora (TVE Sollube) | BI-4207 | P.K.28+010 -P.K.32+560 | 4,50 |
Lehenengoz BI-3631 errepideko Gueñes eta Sopuerta arteko tarte batean aplikatuko da. Lan hauetan 3.244.000 euro inbertituko dira, zoladuran eta drainatze-sisteman dauden akatsak aztertu ondoren. Horretarako, zoladuraren birgaikuntza proiektua egin behar da, eta lurrak egonkortzeko elementuak ipini beharko dira.