Bizkaiak berariazko estrategia onetsi du biodibertsitatea babestu, hobetu eta kudeatzeko helburuak erdieste aldera

15 martxoa, 2015 adclick Sin categoría

 

BIZKAIMEDIA

Bizkaiko Foru Aldundiak Biodibertsitateari buruzko Estrategia onetsi du Gobernu Kontseiluan. Ingurumen Sailak agiri bat plazaratu du nazioarteko, Estatuko eta Autonomia Erkidegoetako helburuei erantzuteko, eta bai Bizkaia 21 Programari doazkion konpromisoei aurre egiteko ere.

Bizkaiak, onetsi den agiriaren bidez, helburu jakin batzuk jadesteko jarraibide estrategikoak zehaztu ditu. Kudeaketaren alorrean Lurraldearen biodibertsitatea babestu, lehengoratu eta balioesteko erabakiak hartzeari dagokionez modu eraginkorragoan jarduteko ekintzak lehenestea planteatzen da. Azken finean, biodibertsitatearen galera garbia saihestu ez ezik, hura hobetzeko baldintzak aldeztu eta sorraraztea ere bada Estrategia horren xedea.

Estrategian, hurrengo urteetan -zehazki, hurrengo bost urteotan (2015-2020)- abiaraziko diren ekintzak proposatzen dira. Honako hau da estrategia horren xedea: modu egituratu eta programatuan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak biodibertsitatearen babes, hobekuntza eta kudeaketa arloetan sustatzen dituen helburuak erdiesteko behar diren mekanismoak zehaztea.

Bizkaiko lurren laurden bat Erkidegoaren intereseko habitata da

Flora baskularrari dagokionez, Bizkaiko Lurralde Historikoan mehatxupeko 113 espezie daude katalogaturik (Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoa); horietarik 28, desagertzeko arriskutan dauden espezieak dira. Ornodunen faunari doakionez, 122 espezie jasotzen dira Katalogoko babes-kategoriaren batean; horietan, aipatzeko modukoa da bisoi europar edo ur-ipurtatsa, espezie hori Euskal Herritik eta, eskala globalean, mundutik desagertzeko arriskutan baitago.

Bizkaiko azaleraren % 26,5 Erkidegoaren intereseko habitat gisa katalogaturik dago, % 8,2 natura-gune gisa eta % 18 Natura 2000 Sareari dagokion gune legez. Bereziki aipatzeko modukoak dira hiru parke naturalak (Urkiola, Gorbeia eta Armañon) eta Itxinako (Gorbeia) edo Gaztelugatxeko Donieneko biotopo babestuak. Hala ere, badira natura-balio garrantzitsuak dituzten beste gune batzuk ere, babes-figuretatik eta figuroi datxezkien kudeaketa-planetatik at daudenak.

Arlo honetan errotik eta azkarki ekin beharra dago, sormena landuz

Lurbira osoan gizakion ekonomiaren, bizitzaren eta ongizatearen oinarri diren naturako sistema asko arin degradatzen ari dira, eta arlo horretan errotik, azkarki eta sormena landuz ekitearen pentzura dago sistema horien guztien etorkizuna, Lurreko bizitzaren aniztasuna modu iraunkorrean kontserbatu eta baliatu xedez. Hori da, hain zuzen ere, munduko dibertsitate biologikoaren egoeraren eta aniztasun hori etengabeki galtzeak gizadiarentzat dituen ondorioen azken ebaluazioaren konklusio nagusia.

Aldundiak, “gure biodibertsitatea” gure naturaren ondarearen funtsezko osagaia eta ekosistemen arloko zerbitzurik garrantzitsuenetakoa dela jakinik, zientzia-ezaguerak sendotzearen aldeko apustua egin du, hori baita erabakiak hartzeko oinarririk behinena.

Gure mundu honetan, biodibertsitatea galtzea da ingurumenari dagokion ardurarik handiena. Beraz, etorriko diren belaunaldien etorkizuna bermatze aldera, biodibertsitatearen babes eta hobekuntzarako politiketan esku hartzea aldeztu nahi du Bizkaiak, eta horretarako zeharo funtsezkoa da dibulgazio, prestakuntza eta sentsibilizazio arloetako programak bultzatzea.

Europarako taxutu den estrategia

Bizkaian Biodibertsitatea babestu, hobetu eta kudeatzeko Estrategiari doakion testuinguru orokorra zenbait akordiok eta arauk mugaturik dago; ondoko hauek dira horietako batzuk: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena (DBH), Biodibertsitatearen arloko 2011-2012rako Plan Estrategikoa, Biodibertsitateari buruzko EBren 2020ra arteko Estrategia, Biodibertsitatearen arloko 2009-2014rako EAEren Estrategia eta Bizkaia 21 Programa bera: garapen iraunkorrerako Bizkaiko Foru Aldundiaren estrategia.

Beste alde batetik, gogorarazi behar dugu Bizkaiko Foru Aldundia 2008. urtetik aurrera ari dela lanean Milurteko Ekosistemen Ebaluazioaren arloari dagokion Nazio Batuen Erakundearen (NBE) programan. Ikerkuntzarako proiektu honen helburua zientzia-ezaguerak sortzea da, ekosistemen erabilera iraunkorrari buruzko erabakiak hartzen laguntze aldera eta, azken xede gisa, etorkizunean pertsonen ongizatea bermatze aldera. Horrenbestez, programa hau Bizkaian Biodibertsitatea babestu, hobetu eta kudeatzeko Estrategia kontuan hartuko duen erreferentzia-gunea izango da.

Aurretiazko lan ugaria

Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak zenbait azterlan egin ditu azken bi urteotan; bi arlo nagusiren oinarriak ezartzeko eta arlo horiei buruzko hasierako ezagueren egoera finkatzeko balio izan dute azterlan horiek. Bi arlo horiek gure Lurralde Historikoko fauna eta flora dira, honako Estrategia hau zehazteko ezagueren funtsezko eremuak alegia. Ondoko hauek dira azterlanon izenburuak: Bizkaiko flora mehatxatuaren 2011ko Inbentario irekia”, “Fauna mehatxatuaren (ornodunak eta ornogabeak) Inbentario irekia”, “Flora Mikroerreserbak Bizkaian”, “Flora exotiko inbaditzailea”, …

Agiri horiek guztiek oinarri bikaina eratu dute Bizkaian Biodibertsitatea babestu, hobetu eta kudeatzeko Estrategia zehaztu eta ondorik garatzeko zimenduak jartzeko.