Bizkaiak gero eta gehiago birziklatzen du

30 abendua, 2012 adclick Sin categoría

 

BIZKAIMEDIA

Herritarrek badakite edukiontzi horian metalezko eta plastikozko ontzi arinak eta tetrabrick-ak bildu behar direla, gero birzikla daitezen. Bizkaitar gehienek zuzen erabiltzen dute edukiontzi hori. Horixe erakusten du Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak agindu duen “Edukiontzi horiaren erabileraren gaineko azterketa Bizkaian” izeneko ikerketako datuen laburpenak. Izan ere, foru erakundeak eskaintzen duen zerbitzu horren erabilera, ezagutza-maila, gogobetetze-maila, etxean birziklatzeko portaerak edo herritarren erantzukizuna ezagutu nahi dituelako agindu du ikerketa hori.

Ikerketan jasotzen den nabarmentzeko moduko beste ondorio bat da herritarren % 85ek badakitela edukiontzi bakoitzean zer birziklatzen den; % 80k esan dute edukiontzien kokalekua egokia dela; % 84ak etxean birziklatzen dute; % 52ren esanetan hondakin gehien sortu arren gutxien birziklatzen duen horrek hondakinen gaineko tasa altuagoa ordaindu beharko luke; eta herritarrek edukiontzi horiarekiko duten gogobetetze-maila 10etik 7,7 da.

Emaitzek erakusten dute birziklatzearen azpian edukiontzien araberako prozesu intuitiboa dagoela eta, oro har, ondo egiten dela. Hala ere, txarto birziklatzeko joera dago hurrengo produktuekin: aerosol-ontziak, kortxozko erretiluak edo aluminiozko papera. Profilari dagokionez, ikasketa-maila altuena duten biztanleak eta adinez nagusienak daude gai honetan sentsibilizatuago.

Bildutako kopuruek erakusten dute Bizkaian ontzi arinen bilketak emaitza bikainak dituela, eta herritarrak ahaleginak egiten ari direla. Azken batean, beste urrats bat eman da Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren helburu nagusia betetzeko: 2016an zero hondakin sortzea.

Edukiontzi horiei “oso ongi”

Biztanleen edukiontzi horiekiko gogobetetze-maila 10etik 7,75 da, eta 60 urtetik gorako biztanleen artean ia 8 da. Gehienek, % 80k, adierazi dute edukiontzi horien kokalekua egokia dela. Baina gainerako % 20aren esanetan alderdi negatibo batzuk daude: edukiontziak urrun egotea edo udalerrian gutxi egotea. Birziklatzeko lana errazteko asmoz administrazioari egin zaizkion eskaera asko edukiontziak hurbilago egoteari lotuta daude.

Edukiontzien ezaugarri jakin batzuen gaineko gogobetetzeak batez beste 7,3ko nota izan du, oso ongi beraz. Honako hauek nabarmentzen dira: edukiontzien hurbiltasuna (8,04), erosotasuna (7,68) eta edukiontziak husteko maiztasuna (7,64).

Kutsatzen duenak ordaindu behar du

Biztanleen ia gehiengoak onartuko luke sortutako hondakinen kopuruaren araberako tasa bat ezartzea. % 52,7 ados edo oso ados daude neurri horrekin: hondakin gehien sortu arren gutxien birziklatzen duenak hondakinen gaineko tasa altuagoa ordaindu behar du.

8.447 T bildu dira 2012ko urtarriletik azarora bitartean

Edukiontzi horia dugunetik hamahiru urte igaro direnean balantzea egin da eta Bizkaian ontzi arinen bilketak oso emaitza onak izan dituela ikusi da; emaitza horiek herritarren ahalegina erakusten dute. Hurrengo urteetan zeregin hori bultzatuko da, 2013. urtean zero hondakin sortu dadin.

2012ko lehenengo 11 hilabeteetan 8.447 tona ontzi eta ontzien hondakin bildu, sailkatu eta bereizi dira Garbiker-ek kudeatzen dituen zentroetan. 2012ko urtarriletik azarora bitartean batez beste 1.708 kilo bildu dira.

13 kamioik astean 65 ibilbide egiten dituzte

Garbiker-ek batzen ditu egunero edukiontzietan utzitako ontziak eta horretarako 13 ibilgailu erabiltzen ditu. Kamioi hauek astean 65 ibilbide ezberdin egiten dituzte. Edukiontzi bakoitza ibilbide batean edo gehiagotan sartuta egon daiteke, eta horrela, edukiontzi batzuk astean hiru aldiz husten dira. Ibilgailu hauek batez beste 6.835 km egiten dituzte astean.

152.144.612 kilo bereizi dira BZBn

Bildutako ontziak Amorebieta-Etxanon dagoen “Bizkaiko Zabor Berziklategira” eramaten dira. Lantegi horretan hondakinak bereizteko sistema modernoak eta sofistikatuak daude; hara heltzen diren dentsitate txikiko eta handiko polietilenoa, tetrabrick-ak, papera eta abar bereizten dira. Lantegira heltzen den burdindun materiala bereizi ostean, automatikoki bereizi diren zatiki batzuk hondakinak bereizteko zerbitzura igarotzen dira.

ECOEMBES erakundeak erabilita dauden ontzi arinak eta ontzien hondakinak gaika biltzeko eta berreskuratzeko sistemak diseinatzen eta garatzen ditu; Amorebieta-Etxanoko BZB lantegian bereizi diren hondakin horiek behar den lekura hel daitezen bermatzen du.

1998ko urrian hasi ziren ontzi arinak gaika biltzen eta ordutik 2012ko azarora bitartean Bizkaian sortu diren hondakin-zatiki horien 152.144 tona sailkatu eta bereizi dira lantegian.

Datu horiei esker esan dezakegu Bizkaian ontzi arinen bilketak emaitza oso onak dituela, eta emaitza hauek herritarrek egindako ahalegina erakusten dutela. Dena den, Bizkaian ontziak biltzeko lan hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak ezarrita duen helburu nagusirako beste urrats bat da. Helburu nagusia “Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko Bigarren Plan Integrala. 2005-2016” da. Hain zuzen, plan horren arabera “zero hondakin” sortu behar da 2016. urtean, eta helburu hori 2013an beteko da … (TMB) lantegia irekitzen denean.