Bizkaiak haragia eta arraina bilduko ditu edukiontzi marroian martxoaren 1etik aurrera

16 otsaila, 2021 Zabalgarbi Zabalgarbi Noticias EU

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Bizkaiko Foru Aldundiak hondakin organikoak tratatzeko sistema aldatu du, eta martxoaren 1etik aurrera, edukiontzi marroian, haragi- eta arrain-hondakin gordin nahiz kozinatuak ere bilduko dira. Aldaketa hori beste urrats bat da halako hondakin-mota birziklatzeari begira bilketa areagotzeko. Ildo horri eutsiz, helburuak bete nahi dira eta, besteak beste, Lea Artibai eskualdean, hainbat proba eta alderaketa egin dira, kalitatezko konposta egite aldera, kalitatezko parametroak bermatzeko. Dena den, prozesu horrekin batera, Bizkaiko Konpostegia izeneko tratamendu-planta egokitu da eta, aldi berean, tratamendu-aukera teknologiko berriak bilatu dira. Zeregin horri esker, hurrengo hilabeteetan Berriatua, Getxo eta Igorre udalerrietan eskualdeko konpostatze-planta berriak ipiniko dira.

Hala, martxoaren 1etik aurrera, edukiontzi marroian honako hauek bota ahalko dira:

Animalia-hondakin kozinatuak edo gordinak (haragi-, hestebete-, arrain- eta itsaski-hondakinak, arrautza-hondakinak eta beren azalak, hezurrak zein gazta).
Landare-hondakin kozinatuak edo gordinak (fruta-hondakinak, barazkiak, lekaleak, pasta eta arrozak, haziak).
Lore- eta landare-hondakinak, baratze-hondakinak, belarra eta inausketa-hondakinak.
Kafe-hondarrak eta -iragazkiak, te-poltsak, ogi-hondakinak, galletak eta opilak, fruitu lehorrak eta beren azalak, fruta-hezurrak eta kortxo naturaleko tapoiak.
Sukaldeko papera, paperezko ezpainzapiak eta mahai-zapiak, kartoizko arrautzontziak eta uhin-kartoi zikina (guztiak materia organikoarekin bustiak).
Broxeta eta bestelako elikagaietarako makilak, izozkien makilak eta antzekoak.
Txikoria, algak, alpistea, karameluak eta gozokiak, zerealak, irina, marmelada.
Poltsa, ontzi eta tresna konpostagarriak.

Ezingo dira bota edukiontzi marroian honako hauek:

Erraztatutako hautsa.
Zigarro-mutxikinak eta hautsontziko hondakinak.
Errautsak.
Animalien gorozkiak.
Katuen hondarrak.
Lorontzietako lurra eta zohikatza.
Olioa edo beste edozein likido, jatorria gorabehera.
Pixoihalak, konpresak eta tanpoiak.
Paper-zapi bustiak.
Lotura itsaskorrak, esparatrapuak, kotoia, belarrietarako kotoi-txotxak.
Sukaldeko papera, paperezko ezpainzapi eta mahai-zapiak, arrautzontziak eta uhin-kartoia, garbiak badaude, hots, edozein substantziaren hondakinik ez badute.
Eranskailuak eta gainerako elementu itsasgarriak (fruten azaletan datozenak kendu behar dira edukiontzi marroian bota baino lehen).
Konpostagarriak ez diren poltsak eta ontziak.

Konpostegia egokitzea

Hondakin-mota hauek zenbait aldaketa ekarriko dituzte prozesuetan eta, gainera, bilketa-bolumena gehituko da. Horren ondorioz, foru erakundeak halako hondakinak tratatzeko azpiegitura nagusia egokitu du, Bizkaiko Konpostegia.

Obrek aurretik zeuden instalazioak aprobetxatu dituzte, eta urtebete behar izan da horiek egiteko; 2020. urtean amaitu dira, 5,7 milioi euro gastatu ostean. Egokitzzapen-lanak bukatutakoan, azkeneko hilabeteetan probak gauzatzeari ekin zaio, aldaketen funtzionamendua aztertzeko. Une honetan plantak urtean 10.400 tona biohondakin tratatzeko gaitasuna du. Inausketa-hondakinen tratamenduari erreparatuz, edukiera ere antzekoa da. Prozesuak zortzi aste irauten ditu, eta urtean gutxi gorabehera 12.2000 tona konpost sortuko dira.

Bizkaiko Konpostegiak gaur egun 300 metro karratuko jasotze-nabea du. Bertan, hondakinak bildu, eta poltsak irekitzen dira horretarako bereziki prestatutako makina erabiliz. Gero, bereizketa egiten da akats baten ondorioz bota diren hondakin ez-konpostagarriak kentzeko.

Halaber, 8 hartzidura-tunel eraiki dira. Bertara eramaten dira hondakinak hasieran, bereizi ondoren. Tunelek 32 metroko luzera eta 5,6 metroko zabalera dute, eta ureztatze-sistema, airea hurrupatzeko kanaletak nahiz airea hartzeko sistema dute. Hondakinak sartutakoan, astebetez egoten dira bakoitzean, prozesuaren lehenengo zatia osatu arte. Hala, prozesuak lau aste irauten ditu.

Denbora hori igarotzen denean, tuneletako edukia zortzi heltze-zamatara eramango da. Nolanahi ere, tunelen parean daude, eta azaleran 2.200 metro karratu inguru hartzen dituzte. Zamek honako tamaina hau dute: 46,7 metroko luzera, 5 metroko zabalera eta 2,5 metroko altuera. Bakoitzean aireztapen-areka aurki daiteke, heltze-prozesua errazte aldera airea sartzeko. Ilarak astean behin iraultzen dira eta iraultzeko makina berezia erabiltzen da horretarako. Horrela, lau aste geroago, materiala baheketa-gunera iritsiko da.

Baheketa-gunea finketa-nabea deiturikoan dago eta hainbat eremutan (biltegiratze-guneak) banatzen da. 172 metro kubiko biltegira daitezke bertan. Hain zuzen ere, bertan hondakinak bigarren heltze-fasea izango du beste astebetez, aireztapen artifiziala erabiliz. Une horretan, konposta prest dago biltegira eraman eta, gero, erabiltzeko.

Eskualdeko konpostatze-plantak

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak Bizkaiko Konpostegia egokitzearekin batera, Garbiker sozietate publikoak izapideak hasi zituen eskualdeko hiru konpostatze-planta abian jartzeko, eta hurrengo hilabeteetan erabiltzen hasiko dira Berriatua, Getxo eta Igorren.

Planta horiek konpostatze-sistema bertikala erabiliko dute, izan ere, sistema horri esker, ahalik eta gehien murrizten baita tratamendua garatzeko espazioa. Horrez gain, kanpoan koka daiteke eta instalazioak ez du obra handiegirik eskatzen. Sistema modulatu egin daiteke, eta ondorioz, pixkana zabalduz joango da instalazioen edukiera, beharrezkoa izanez gero.

Eskualdeko konpostatze-plantak ezartzen direnean, materia organikoaren kudeaketa deszentralizatuko da eta, ondorioz, hondakinen zein konpostaren beraren garraio-ibilbideak murriztuko dira. Gainera, zerbitzua eraginkorragoa izango da, eta berotegi-efektuko gas gutxiago igorriko dira, biohondakinen bilketa eta tratamendua iraunkorrago bihurtzearekin batera.

Informazio-kanpaina

Garbiker foru sozietate publikoak martxoaren 1etik aurrera materia organikoaren tratamenduari buruzko informazio guztia emango du bere webguneko atal berrian.

Aldi berean, Garbiker sozietate publikoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina bat hasiko dute, batetik, hondakin organikoak biltzean animalia-hondakinak sar daitezkeela jakinarazteko, eta bestetik, herritarrak halako hondakinak birziklatzeak dakartzan onuren inguruan sentsibilizatzeko.

Kanpaina hedabideetan garatuko da, baita arrandegi, harategi eta Bizkaian kokatzen diren supermerkatu-kate desberdinetan ere. Ekimenaren inguruko kartelak ipiniko dituzte, establezimenduetako bezeroek martxoaren 1etik aurrera edukiontzi marroian bota daitezkeen hondakin organiko guztiak ezagutu ditzaten.