Bizkaiko Batzar Nagusiek Toki Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan Integral barria onartu dabe
BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Bizkaiko Toki Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan Integrala (BHPKPI 2030) jasoten dauen Foru Arau proiektua behin betiko onartu da gaur Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien osokoan. Orokorrean, hamarkadatik geratzen danerako (2024-2030) tokiko hondakinak kudeatzeko ibilbide orri horren helburu nagusiak hondakinen sorrerea % 15 murriztea eta sortzen diran 5 kilotatik 4,9 berreskuratzea dira. Ekonomia zirkularra sustatzeko, birziklapena hobetzeko eta hondakinen sorrerea murrizteko neurriak jasoten dituan plana Bizkaiko Batzar Nagusien gehiengoagaz sortu da, aldeko 33 boto (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Bizkaiko Talde Popularra), abstentzino 2 (Elkarrekin Bizkaia) eta kontrako 15 (EH Bildu) jaso ditualako.
Arauaren helburua, dokumentuak berak jasoten dauenez, da “Bizkaia hondakinen prebentzinoan eta kudeaketan erreferentziazko puntu bihurtzea, hondakinak murriztuz eta ahalik eta gehien aprobetxauz, berrerabilpena eta birziklapena edo balorizazino materiala lehenetsiz beste edozein tratamentu motaren ganetik”. Zenbakietan, hondakinen ibilbide-orri horren helburua da Bizkaiak bere hondakinen % 76,61a materialki balorizetea (% 70,97a berrerabiltzea edo/eta birziklatzea eta % 5,64a konpostetea), % 20,90a energetikoki balorizetea eta, hondakin horreek tratau ostean % 2,49a behin betiko deuseztatzera bideratzea.
Zifra horreetara heltzeko, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak adierazo dauenez, hondakinen plangintzaren erreferentziazko dokumentuak “8 helburu estrategiko, 13 programa eta 47 jarduera zehatz” gauzatzea aurreikusten dau datozan sei urteetarako. Ibilbide-orri horren marrazkian, Aldundiko arduradunak azpimarratu dau funtsezkoa izan dala lurraldeko 94 udalek eta 5 mankomunidadek parte hartzeko edegi zan eta horreen eretxiak jasoteko balio izan eban prozesua. Bizkaiko eskualde guztietan 11 topaketa egin eta gero 169 ekarpen lortu ziran. Talde politiko guztietako ordezkariek osatzen daben Bizkaiko Iraunkortasunerako Kontseiluan aurkeztutako dokumentua “aho batez” onartu zan.
Parte-hartzeko prozesu horren ostean, 200 orrialde baino gehiagoko planak Batzar Nagusietako taldeen 14 zuzenketa-eske jaso ebazan. Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko batzordeak aldeko botoa emon eutsen irailaren 18an aldaketa horreetako seiri; Foru Gobernuari eusten deutsien Batzar Nagusietako talde biek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) batera planteautakoei, gehienak herritarrek aurkeztutako alegazinoak, hain zuzen be. Aldaketa horreek zerikusia eben, besteak beste, hondakinen kudeaketearen inguruko datuak Gardentasunari buruzko Foru Arauaren arabera argitaratzeko kapituluan hobekuntzak sartzeagaz eta bilketarako ibilgailuen kilometrajea murrizteagaz.
Beste alde batetik, saio haretan, oposizinoak aurkeztutako zuzenketa-eskeek ez eben ibilbide bera izan, eta gaur aztertu dira barriro. Batzordeak ez ebazan onartu Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak erregistrau dituan zuzenketa-eske biak eta EH Bilduren 6 aldaketak. Bizkaiko Talde Popularrak ez eban zuzenketa-eskerik aurkeztu. Gaur, ostera, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, batzordean iradoki eben lez, batzordearen erespenean aldaketa bi sartzea erabagi dabe, biak Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeagaz negoziauta.
Lehenengo aldaketan, planaren kudeaketea eta jarraipenerako prozedurea ezartea sartu da arauan, tresna bigaz: barne jarraipenerako batzordea eta eragileen batzordea, Aldundiak, Garbikerrek, udalek, mankomunidadeek eta “Bizkaiko hondakinen kudeaketearen arloan ordezkagarritzat hartu daitekezan gizarte taldeek” osatuta.
Ganera, Batzar Nagusietako hiru taldeek beste erdibideko zuzenketa-eske bat sinatu dabe, arlo horretako tokiko politiken orientazinoa marketako “erakunde mailako gogoeta estrategikorako gunea” sortzeko. 7/2022 Legea kontuan izanda, 5.000 biztanle baino gehiago dituen udalerriek tokiko prebentzino-plan espezifikoa aurkeztu beharko dabe.
Oposizinoko taldeek akats batzuk ikusi deutsiez planari. Elkarrekin Bizkaia taldeko Richar Vaquerok, erakundeetakoak ez diran kanpoko eragileen parte-hartze faltea deitoratu dau. Diego Pagadigorria popularrak 2030erako helburuak beteteko zailtasuna aitatu dau. Bere aldetik, Raúl Méndezen ahotan EH Bilduk esan dauenez, plana “oso berandu dator” eta bide “kontinuistea” aukeratzea dakar. Talde horren aldaketek ez dabe aurrera egiteko babesik lortu. Koalizino abertzaleak Zabalgarbi ixteko plana, hondakinak murrizteko erabiltzailea identifiketako sistemea, bilketan kudeaketa zuzenagoa izatea, gordailutzeko eta ontziak itzultzeko sistemak sartzea edo aholku batzorde bat sortzea planteau dau, beste batzuen artean.
Halanda be, Juan Otermin sozialistarentzat plana “asmo handikoa” da, eta Bizkaia lurralde “jasangarriagoa, garbiagoa eta ingurumenagaz konprometituagoa” bihurtuko dau. 2030ean Bizkaia hondakinen kudeaketearen arloan “erreferente” izatea da helburua, hiru zutabetan oinarrituta: hondakinen murrizketea, kudeaketa eraginkorra eta ekonomia zirkularra.
Ildo berean, Jesus Lekerikabeaskoa bozeroale jeltzaleak planaren onurak azpimarratu ditu. Hasteko, foru-arau batean oinarritzen da, eta hori ez zan derrigorrezkoa. Onartu dauenez, “gura baino denpora gehiago” behar izan da, baina urte honeek erakundeen eta herritarren parte-hartzea areagotzeko balio izan dabe, hondakinen kudeaketan jarduketa garrantzitsuak gauzatzen ziran bitartean. Bizkaiko Iraunkortasunerako Kontseiluan horri babesa emon ostean, Lekerikabeaskoak EH Bilduren kontrako botoa kritikau dau, talde horren “larregizko aktuazinoa” eta akordioak lortzeko “borondate faltea” erakusten dauelako.
Batzar Nagusien aginduen betetea
Beste alde batetik Foru Aldundiak azken hamabi hilebeteetan, 2023ko irailaren 1etik 2024ko irailaren 1era bitartean, onetsi diran arauz besteko proposamenak eta mozinoak beteteari buruzko ohiko txostena aurkeztu dau osokoan. Epealdi horretan, Bizkaiko Batzar Nagusiek guztira 13 agindu parlamentario onartu ebezan, horreetatik bost mozinoak eta zortzi arauz besteko proposamenak. Aldundiak baieztu dauenez, ekimen “guztiak” martxan dagoz, plangintza-fasean (3), gauzatze-fasean (8), edo amaituta (2).
Bizkaiko Foru Aldundiak “egoki” bete dau Bizkaiko Batzar Nagusien agindua, bere eskumenei eragiten deutseen, eta azkenean “12” izan diran, ekimenetan beharrezko neurriak martxan jarriz, Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak emondako datuen arabera. Beste ekimen bat Ur Partzuergoari zuzenduta egoan. Aldundira zuzendutako aginduen erdia (6) Garraio, Mugikortasun eta Turismorako Sailera bideratu dira.
Oposizinoko taldeek penagarritzat jo dabe azkenengo 12 hilebeteetan Batzar Nagusietako taldeek planteau dituen arauz besteko 60 ekimenetatik 13 baino onetsi ez izana.
Kargu publikoen izentatzeak eta garraio publikoa
Beste alde batetik, osokoak, kontroleko azkenengo osokoan itaun banatan eztabaidatu ziran EH Bilduren mozino bi eztabaidatu ditu. Koalizino abertzaleak, alde batetik, aldaketa “politikoa” eskatu dau 16 foru erakundeetako arduradunak izentatzeko prozesuan, publizidade, gardentasun, meritu, bardintasun eta gaitasun printzipioak errespetau daitezan. Batzar Nagusietako beste talde bakar batek be ez dau babestu Iker Casanova EH Bilduko bozeroalearen eretxiz kalidade demokratikoan eta herritarrei eskainiko litxakiezan zerbitzuetan “aurrerapausua” izango litzateken neurria.
Ondoren, saioa garraio publikoaren inguruko hiru ekimen parlamentariogaz amaitu da. Lehenengo eta behin, mozino baten bitartez, EH Bilduk eskatu dau Bizkaiko Garraio Partzuergoari disuasino aparkalekuen erabilerearen “azterketa orokorra” egin daiala eskatzea, eta bere eskariak arrakastea lortu dau. Koalizino abertzaleak adierazo dauenez, mozino hori joan dan hilean politika orokorreko osokoaren bigarren saioan onartu zan ebazpenaren “osagarria” da. Gobernuari eusten deutsien taldeen eretxiz, Aldundia egiten ari dan eta Jaurlaritzaren akordioan jasoten diran lanak “indartzen” ditu.
Azterlan hori Bizkaiko Garraio Publikoaren 2018-2028 Plan Estrategikoa eguneratzeko ariketaren barruan egin beharko da, eta gaur egungo erabilerea handitzeko eta erabiltzaile barriei zerbitzua ezagutarazoteko neurriak, etorkizunean egon daitekezan kokalekuak identifiketako ariketea, eta trenbide sistematik harago doan intermodalidadearen planteamentua jaso beharko ditu.
Beste alde batetik, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak, arauz besteko proposamen baten bitartez, beste azterlan bat egitea planteau dau, kasu honetan Bizkaibus zerbitzuaren “kudeaketa publiko zuzenerako bideragarritasuna ezagutzeko”. Proposamena aurkeztu dauen taldeak onartu ez dauen osoko zuzenketa-eskean, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek “prestazinorako kudeaketa-alternatiben azterlan bat egitea proponidu dabe, dimentsino askotako ikuspegitik: estrategikoa, ekonomikoa, finantzarioa, teknikoa, soziala, jasangarritasunekoa eta juridikoa”. Talde morearen ekimena bertan behera geratu da, aldeko 16 botogaz (Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu) eta kontrako 33 botogaz (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Bizkaiko Talde Popularra).
Bukatzeko, osokoak ez dau onartu Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, Aldundiari “Bizkaiko herrigune nagusiak” lotuko dituan eguneroko garraio publikoko zerbitzua bultzatu daian eskatzeko. Onartu ez dan beste zuzenketa-eske batean azaldutakoaren arabera, Foru Gobernuari eusten deutsien taldeak prest egozan Aldundiari eskatzeko, Bizkaibus zerbitzuaren eskaintza barriaren barruan, “lanegunetan ordutegiak zabaltzea, jaiegun bezperetan eta jaiegunetan ordutegiak luzatzea eta jaiegunetan gaueko zerbitzua emotea” kontuan hartu dagiala.