Bizkaiko Foru Aldundiak garbigune mugikorrak jarriko ditu udalerrietan, zerbitzu hori eraberritzeko prozesuaren barruan

13 abuztua, 2018 Zabalgarbi Zabalgarbi Noticias EU

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Garbikerrek metalezko edukiontzi garraiagarri horiek ipiniko ditu, udazkenean hasiko dira erabiltzen, eta aldi baterako kokatuko dira proiektuan parte hartzeko interesa duten herrietan. Foru erakundeak hobekuntzarako egingo dituen jarduketetako bat da ekimen hori; gainera, lehendik dagoen sarearen barruan 9 garbigune nagusi ezarriko dira, eta horiek aste osoan egongo dira zabalik, jendearentzako ordutegi luzeagoa izango dute eta gainerakoek baino hondakin gehiago onartuko dituzte. Sare osora zabalduko da zerbitzuaren digitalizazioa, aurten proba pilotu moduan hasitakoa ekipamendu horietariko bostetan, eta horrela lortuko diren datuek aukera emango dute zerbitzua erabiltzaileen benetako eskariei egokitzen joateko. Bestalde, aurten eta datorren urtean inbertsioak egingo dira garraiorako bi kamioi berri erosteko, ekipamendu horietako edukiontzien % 25 berrituko dira eta mantentze plan bat garatuko da.

Bizkaiko Foru Aldundiak, udazkenetik hasita, garbigune mugikorrak jarriko ditu ekimen horretan parte hartzeko prest agertu diren Bizkaiko udalerrietan, ekipamendu horietan ematen den zerbitzua eraberritu eta eguneratzea xede duen jarduketa-plan baten barruan. Gainera, garbiguneen ordutegia luzatu egingo da eta hondakin mota gehiago eraman ahal izango zaizkie. Garbikerrek metalezko edukiontzi garraiagarriak ipiniko ditu eta horietara eramaten diren hondakinak biltzeaz arduratuko da.

Garbigune mugikorrak herrien erdialdean kokatuko dira, nola erabili behar diren azaltzen duen informazio panel banaren ondoan, eta instalatu baino astebete lehenago abisua emango zaie herritarrei, horrela, erabili nahi dutenek euren hondakinak batzeko denbora izan dezaten. Edukiontzi mota hori aldi baterako jarriko da, udalerri bakoitzeko biztanle kopuruaren arabera zehaztuko da zenbat egunetarako, baina gehienez ere astebeterako. Epea amaitutakoan edukiontzia kendu, hustu, eta beste leku batera eramango da. Edukiontziek zenbait hondakin mota biltzeko konpartimentuak izango dituzte. Metalezkoak izango dira eta bandalismoaren aurka babestuta egongo dira.

Hori ez da izango udazkenetik aurrera garatu beharreko ekimen bakarra. Aurreikusita dago, gainera, zonakako estrategia bat ezartzea, lehendik badagoen sarearen barruan bederatzi garbigune nagusi ezartzeko. Gainerakoen aldean berezitasun hauek izango dituzte:

  •  Egunero zabalduko dira, igande eta jaiegunetan izan ezik.
  •  Gainerako garbiguneetan arau orokor gisa onartzen diren hondakinak ez ezik, bestelakoak ere uzteko instalazioak izango dituzte: etxeko hondakin arriskutsuak (metalezko hondakin txikiak, esaterako zartaginak edo eltzeak; olio-iragazkiak; produktu fotokimikoak, esaterako erradiografiak, filmak eta argazki-papera; desugertzaileak, agoarras sintetikoa, tinduak, zuraren babesgarriak, aerosolak…) eta berriz erabiltzeko moduko kontserbazio-egoeran egon daitezkeen objektuak eta tresnak (altzariak, etxetresna elektrikoak, aparatu elektriko eta elektroniko txikiak, bazar-gaiak, liburuak…).

Garbigune nagusi horiek Barakaldokoa, Basaurikoa, Durangokoa, Erandiokoa, Gernika-Lumokoa, Getxokoa, Gueñeskoa, Igorrekoa eta Markinakoa dira, eta hiru irizpide erabili dira horiek aukeratzeko: euren ingurunean biztanle gehien edo biztanle-dentsitate handiena duten herrietan daude; euren azpiegiturak daude ondoen prestatuta, a priori, hondakin mota berriak onartzeko, eta leku zabalagoa dute; jarduera eta erabilera handieneko garbiguneak izan dira, bakoitza bere zonan.

Kontuan izanik garbigune horietan orain arte baino hondakin mota gehiago bilduko direla, Garbikerrek zerrenda berria eman dio bere prebentzio-zerbitzuari, azter dezan eta erabaki dezan ea beharrezkoa ote den segurtasun neurri gehiago ezartzea, garbiguneetako langileek horrelako hondakinak manipulatzean arriskurik ez izateko.

Sarrera-erregistroaren digitalizazioa

Hobekuntza horiekin batera, Garbikerrek garbigune guztietara zabalduko du aurten proba pilotu gisara bost garbigunetan hasi den digitalizazioa. Era horretara, instalazio horietan diharduten langileek gailu mugikor bat erabiliz erregistratu ahal izango dituzte sartzen diren pertsonak, uzten dituzten hondakinak, egiten dituzten iradokizunak eta beste zenbait kontu. Horrela denbora errealeko datuak lortuko dira garbigune bakoitzeko erabiltzaile kopuruari eta hondakin bilketari buruz eta erabiltzaileak garbigune horietara joaten diren maiztasunari buruz, eta funtzionamendu-araudia garbiguneek benetan ematen duten zerbitzuari egokitzen joango da. Halaber, datu horiek biltzeak aukera emango du fidelizazio kanpainak egiteko, jakingo baita nortzuk diren ohiko erabiltzaileak, eta erakarpen berriekin lotutako bestelako ekintzak garatu ahal izango dira.

Inbertsio eta mantentze planak

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Garbikerrek aurreikusita daukate aurten eta datorren urtean zehar inbertsio plan bat garatzea. Plan horren barruan garraiorako bi kamioi berri erosiko dira, 60 edukiontzi erosiko dira (horrela, gaur egun instalazio horietan daudenen % 25 pasatxo berrituko lirateke), eta garbiguneetako etxoletariko bost zaharberrituko dira, gaur egungo egurrezko etxolen ordez hormigoizkoak eraikiz.

Inbertsio plan horrekin batera mantentze-plana ere garatuko da, eta horren barruan mantentze-lanen arduradunaren figura sortuko da; beraren ardura izango da behar diren konponketa lanak koordinatzea, inbertsio-beharrizanak estaltzeko aukerak proposatzea, planaren diseinuan laguntzea eta plana nola betetzen den gainbegiratzea.

Garbiguneen irudia hobetzearren, seinaletika sistema berria ere ezarriko da, ekipamendu horretan lan egiten duten Garbikerreko langileen zereginak erraztuko dituena, hobetu ahal izango baitira edukiontzien kokapena eta horien destinoa haietako bakoitzaren barruan; bestalde, hondakin mota guztien tratamendu prozesuak erakutsiko ditu, eta zerbitzuaren irudi eguneratuagoa emango du. Seinaletika horren osagarri, gainera, zabalkunderako materiala banatuko da, erabiltzaileen planteamenduei eta zalantzei erantzungo diena eta informazioa eskainiko duena Garbikerren beste zerbitzu batzuei buruz eta, oro har, hondakinen kudeaketari buruz.

Garbiguneen erabileraren 2017ko balantzea

2017an zehar, Bizkaiko 23 garbiguneetan 26.631 tona hondakin kudeatu dira. Horrenbestez, aurreko urtekoaren aldean kopurua % 1,45 hazi da. Hondakin horietatik gehienak obra-hondakinak eta egurrak izan dira (hurrenez hurren, % 41 eta % 24).

Garbigunea Bildutako kiloak Erabiltzaile kop. Erabiltz./eguneko
Igorre 338.341 5.223 17
Urduña 283.080 4.693 15
Bermeo 657.099 8.376 28
Gautegiz Arteaga 190.439 2.124 7
Gernika 509.506 6.043 20
Amorebieta-Etxano 606.701 9.998 33
Durango 1.984.522 20.481 68
Gueñes 338.409 4.482 15
Zalla 649.270 6.528 21
Karrantza 80.750 1.887 6
Muskiz 479.571 4.750 15
Santurtzi 3.454.390 22.850 76
Sestao 2.278.605 18.851 63
Barakaldo 2.808.090 20.218 67
Basauri 2.858.059 21.854 73
Derio 1.036.954 11.248 37
Erandio 1.545.992 19.954 66
Getxo 2.902.373 27.880 93
Amoroto 387.838 5.906 19
Markina 294.645 6.178 20
Mungia 1.366.417 19.706 66
Bakio 309.919 4.723 15
Sopela 1.270.692 11.310 37

Joan den urtean zehar 162.947,74 euroko inbertsioak egin dira azpiegiturak mantendu eta hobetzeko.