Bizkaiko konposta San Mames futbol zelai berrian erabiliko da
BIZKAIMEDIA
Abuztuan zehar eta hiru astez hogei kamioi inguruk 300 tona konpost garraiatuko dituzte Arraiz mendian dagoen Ekoparkeko konpostaje-plantatik (Tratamendu Mekaniko eta Biologikorako Plantaren eta Balorazio Energetikorako Zabalgarbi Plantaren ondoan) San Mames futbol zelai berriaren kokagune berriraino. Handik, konposta hareaz nahasiko da, San Mames futbol zelaiaren belar naturaleko zohiaren oinarria edo sostengua izango dena sortzeko.
Bizkaian konposta erabiltzea, lorezaintzan zein San Mames futbol zelai berrian, bitxia bada ere, hondakinen kudeaketarako estrategia globalaren beste adibide bat da. Bizkaiko Foru Aldundiak 2016. urterako Bizkaian sortutako lehen hondakinen % 4 konposta egiteko erabiltzea ezarri du helburu.
Bitartean, gero eta gehiago dira 2016. urtea baino lehen hondakin gordinik ez isurtzeko helburua bermatu ahal izateko udal eta mankomunitateekin sinatutako hitzarmenak. Bizkaiko hiri hondakin guztiei tratamendu egokia emango zaie, hierarkia honen arabera: hondakinen kudeaketa, berrerabiltzea, birziklapena, birbalorazioa eta suntsiketa; eta horrela hondakinen isurketa ekidin nahi da.
Bizkaiko lehen konpostaje-planta 2011. urtean inauguratu zen. 14.000 m2-ko azpiegitura bat da, berreskuratutako lur batean eraikia, lehenago 20 bat urtez hiri hondakinak jasotzen zituen isurtegi kontrolatua izan zena eta egun zigilatuta eta egonkortuta dagoena, hain zuzen ere.
Lau hilabeteko prozesua
Lehengo astean ziurtatu ziren 300 tona konpost horiek araudia bete eta lorategi eta parkeetan zein antzeko drainatzeak behar dituzten instalazioetan erabiltzeko gai direla dioten azterketak. San Mameseko zelaiaren sostengua izango den konposta lau hilabeteko prozesu baten ondorioa edo emaitza da.
- Plantara iristen diren kamioiei buruzko datuak erregistroan sartzen dira, datuak modu egokian kontrolatzeko, eta ondoren hondakin berdeak eta biohondakinak hondakinak jasotzeko nabeko toki egokietan pilatzen dituzte.
- Pala baten laguntzaz, materiala deskonprimitu eta aztertu egiten da.
- Hondakinak jasotzeko nabe berean, jasotako materialari egokiak ez diren osagaiak kentzen zaizkio.
- Pala horrek hondakinak, neurri egokia har dezaten, birrintzen dituen birringailua elikatzen du. Hondakinak birrintzean materialen azalera nabarmen handitzen da, konposta egiteko prozesua erraztuz.
- Birringailutik irtendakoan, materialean egon daitezkeen osagai magnetikoak bereizten dituen bereizgailu magnetiko baten zehar igaro behar dute hondakinek.
- Konpost bilakatuko diren hondakinen ontze egokirako prozedura bermatzeko beharrezko nahasturaren zerrenda honako hau da: % 75 material egituratzailea (hondakin berdeak) izan behar da eta gehienez % 25 biohondakinak (frutak, barazkiak, kozinatu gabeko osagai organikoak…) Biohondakinak egun berean tratatu behar dira eta materiala jasotzeko aldea egunero garbitu ohi da.
- Birrinduta eta nahasitako materiala prozesu-nabean sartzen da, pala baten laguntzaz, ondo pilatuta, mordo bat eginez. Astero mordo edo pila bat osatzen da, nahastura-portzentaje egokia errespetatuz.
- Behin pila edo mordoa osatuta, ura botatzen zaio, hezetasun-maila egokiari eusteko. Deskonposizio eta bihurketaren arduradunak diren bakteriek ur eta oxigeno nahikoa behar dute.
- Geruzatan pilatutako material birrindua berehalaxe hasten da konpost bihurtzen eta pilaren tenperatura igotzen hasten da. Osagai organikoak deskonposizio-fasean sartzen dira.
- Pila bakoitza irauli egiten da, hilero, pala baten laguntzaz, eta konposta egiteko prozesuan zehar 3 aldiz iraul daiteke, gehienez. Pilak edo mordoak iraulita, materiala trinkotuta ez gelditzea lortzen da eta berriro nahas dadin, arnasa hartzeko zirrikitu berriak sortuz.
- Prozesuan zehar galdu duen hezetasuna kontrolpean erantsitako uraren bidez berreskuratuko du. Prozesuan jarraitzen diren heltze-parametroak produktuaren tenperatuta eta hezetasuna dira.
- Lau hilabeteko heltze-prozesuaren amaieran pila helduta dago eta tratamendu-azaleraren bidez “mugitzen” joango zen; errez identifika daiteke bere kolore ilunagatik.
- Konposta egiteko prozesuaren ondoren, zamaketa-lanetarako palak prest dagoen materiala galbahetik pasatu eta biltegian gordetzen da, hainbat erabileratarako prest.