Bizkaiko Zabor Berziklategiak (BZB) ontziak sailkatzeko instalazioa berrituko du, gaitasuna hobetzeko eta eraginkorragoa izateko

4 azaroa, 2024 Zabalgarbi Zabalgarbi Noticias EU

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

BZBk ontziak sailkatzeko instalazioa berrituko du, eta horrela, 10 ontzi mota sailkatzeko gai izango da (lehen 7 ontzi mota), eta Bizkaia Estatuko erreferentea izango da hondakinen kudeaketaren arloan. Berrikuntza horri esker, teknologia aurreratuaren bidez ontzien sailkapena zehatzagoa eta efizienteagoa izango denez, birziklapenaren sektorea lehiakorragoa eta balio handiagokoa izango da. 17 milioi euroko inbertsioa izango da, eta 12 hilabetean amaituko da.

Arantza Atutxa, Ainhoa Salterain, Elixabete Etxanobe, Joachim Domröms eta Angel Hervella azalpenetan

Bizkaiko Zabor Berziklategia (BZB) lankidetza publiko-pribatuko ekimenak (Garbiker foru-sozietateren partaidetzakoa) eta Trienekens enpresak iragarri dute ontzi arinak sailkatzeko instalazio berria laster ezarri eta abiaraziko dela Amorebieta-Etxanon, gaur egungo kokalekuaren eta ondoko nabearen artean.

Gaur goizean, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Joachim Domrös Trienekes-en jabetzaren akziodun nagusiak BZBren sailkapenerako instalazio berriaren proiektua aurkeztu dute. Azpiegitura berri horri esker, 7 ontzi mota sailkatzetik 10 mota sailkatzera igaroko da, eta horrela, Bizkaia estatu mailako erreferente izango da ontzi arinen sailkapenean.

Bisitan, ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, sailkapen-planta berriak jasangarriagoak izateko aukera emango digu, eta Bizkaiak sektorean duen posizioa indartuko du, etorkizuneko plantek nolakoak izan behar duten erakutsizBZBren instalazioa berritzeak sailkapen-prozesuak optimizatzea ekarriko du, eta horrek balio handiagoa emango dio birziklapenaren sektoreari, jasoko dituen materialak hobeto sailkatuta egon eta kalitate handiagokoak izango baitira. Proiektu hau etorkizunaren, ingurumenaren eta datozen belaunaldien ongizatearen aldeko apustu garbia dela azpimarratu du Etxanobek.

Proiekturako kontratua formalizatu ondoren, orain horniduraren prestaketa-fasean dago. Aurreikuspenen arabera, obrak 12 hilabete inguru iraungo du eta 7,5 milioi euroko inbertsioa egingo da. Instalazio berriak sailkapen-prozesu automatizatu bat izango du, eta aitzindari izango da punta-puntako hautaketa-sistema optikoen erabileran.

Instalazio berrian tratamendu-ahalmena handiagoa izango da, zehazki, urteko 23.000 tonatik 40.000 tonara pasatuko da, teknologia aurreratu horren erabilerari eta 4.500 metro koadroko okupazioari esker (egungo instalazioak baino 1.500 metro koadro gehiago). Eta, hain zuzen ere, tratamendu-ahalmen handiago hori dela eta, horrelako teknologia tamaina horretako instalazio batean erabiltzen duen lehenengo instalazioa izango da estatu osoan.

Instalazioa handituta, Bizkaiak ontziak sailkatu eta birziklatzeko ahalmena sendotuko du, eta ontzi arinen kudeaketa eraginkorra eta espezifikoa hobetuko du; horrela, Bizkaia sektorearen abangoardian jarriko da estatu mailan, eta Bizkaiko Toki-eskumeneko Hondakinen Kudeaketarako eta Prebentziorako 2030eko Plan Integralean jasotako instalazioak izango dira gure lurraldean.

Gaur egun, BZBk 21.500 tona ontzi baino gehiago tratatzen ditu urtean, eta berreskuratze-tasa kontuan hartuta, estatu osoan era horretako instalazio eraginkorrena da. Azpiegitura berriak instalazioaren ahalmen operatiboa handituko du, eta, gainera, Bizkaian gaika bildutako ontzi arinen sailkapena eta birziklapena hobetuko duenez, Bizkaiko jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren helburuei nabarmen lagunduko die.

Proiektu honekin, BZBk berrikuntzarekin eta ingurumenarekin duen konpromisoa berresten du; izan ere, Bizkaiak funtsezko tresna bat edukiko du hondakinen kudeaketa jasangarrian aurrera egiteko, eta estatu mailan erreferentea izango da plastikoen sailkapenaren sektorean.

10 ontzi mota

Gaur egun, BZB instalazioak 7 ontzi-frakzio sailkatzen ditu. Handitze berriarekin, ahalmena handitu egingo da guztira 10 frakzio sailkatzeko, sailkapenaren zehaztasuna dibertsifikatuz eta hobetuz. Gaur egungo zatikien artean daude:

  • Plastiko nahasketa: hortik bi eratortzen dira.
  • PET: ur botilak, olio botilak eta abar. Sailkapen horretatik bi sailkapen berri sortuko dira.
  • Film: hortik bi multzo eratorriko dira
  • PEAD (dentsitate handiko polietilenoa): detergente-botiletan eta garbiketa-produktuen ontzietan erabiltzen da.
  • Brika: janarientzako eta edarientzako geruza anitzeko ontziak.
  • Material ferrikoak: hala nola kontserbako elikagai-latak, aerosolak eta metalezko estalkiak.
  • Aluminioa: ontzi arinak, hala nola freskagarrien latak eta elikagaien erretiluak

Modernizazio horrekin, plantak hiru zati berri izango ditu:

  •  PET honela banatuko da:
    •  PET botila: edari-ontzietarako.
    •  PET erretilua: erabilera bakarreko elikagai-ontzietan erabiltzen da, fruta eta barazkietarako erretilu gisa.
  •  Plastiko nahasketatik bi azpifrakzio lortuko dira:
    •  PP (polipropilenoa): tapoietan eta norberaren zaintzarako produktuetan erabiltzen den materiala.
    •  PS (poliestirenoa): jogurt-ontzietan erabiltzen da.
  •  Filmen kategoria berriak:
    •  Polietilenoa: supermerkatuko poltsak eta elikagaien bilgarriak.
    •  Beste film plastiko batzuk: askotariko bilgarriak.

Ontziak bereizten dituen teknologia berria

Instalazio berriak automatizazio handiagoko sailkapen-prozesu bat izango du, eta estatu mailan aitzindari izango da adimen artifizialeko sistema duten punta-puntako hautaketa-sistema optikoen erabileran. Teknologia horren bidez, 10 ontzi-familia zehaztasunez sailkatu ahal izango ditu, eta horrek nabarmen hobetuko ditu prozesuaren errendimendua eta eraginkortasuna.Etxanobe:Proiektu hau etorkizunaren, ingurumenaren eta datozen belaunaldien ongizatearen aldeko apustu garbia dela.