Bizkairezikla tresna digitalaren bidez, Garbikerren web orriak azaltzen du hondakin bakoitza zein edukiontzitan utzi behar den
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
www.garbiker.bizkaia.eus web orriak informazio guztia ematen du Bizkaiko Foru Aldundiak ezarri duen hondakin-kudeaketarako sistemari buruz, eta, horretarako, sistema horren ikuspegi osoa ematen du, tratamendurako instalazioak edo prozesuak barne. Web orriak aukera emango du, batetik, jakiteko zenbat edukiontzi eta zein motatakoak dauden udalerrietan, eta, bestetik, hurbileko garbiguneak geolokalizatzeko; horretarako, udalerriaren posta kodea sartu besterik ez da egin behar. Gainera, web orriak kontzientziazioa lortu nahi du hondakin-kudeaketa arloan, eta, horretarako, jarraibideak eta aholkuak ematen ditu herritarrek hondakinak hobeto kudeatu ditzaten. Bestalde, birziklapen-prozesuei buruzko informazioa eskaintzeaz gain, hondakinak dagozkien edukiontzietan utzi ondoren haiekin zer egiten den azaltzen du.
Birziklatzeko orduan sarrien agertzen den arazoetako bat da jakitea zein edukiontzitan utzi behar den hondakin mota bakoitza. Gaurtik aurrera, Bizkairezikla tresna digitala martxan jartzen denean, arazo hori konponduta geratuko da. Tresna hori Garbiker foru sozietate publikoaren web orri berrian eskuratu daiteke, eta, bertan, erabiltzaileek kontsultak egin ditzakete jakiteko zein edukiontzi dagokion hondakin mota bakoitzari. Horretarako, 6.000 hondakin mota baino gehiago sailkatzen ditu 19 kategoriatan: elikadura, haurtxoak, brikolajea, elektronika eta etxetresna elektrikoak, ontziak, higienea, argiteria, informatika eta telefonia, jolasak, jostailuak eta kirolak, eskolako eta bulegoko materiala, farmazia, tresneria eta etxea, altzariak, ibilgailuak, etxeko obrak, pilak eta bateriak, ehunak eta osagarriak, garbiketa eta beste batzuk.
Web orriak aukera emango du jakiteko zenbat edukiontzi eta zein motatakoak dauden udalerri bakoitzean; horretarako, helbidea eta posta kodea sartu behar dira. Era berean, kontsultatzen den hondakinari buruzko informazioa ematen du: hondakin horren inguruan kontuan hartu beharreko gaiak, modu desegokian botatzearen arriskuak eta eraginak, eta tratamenduaren onurak.
Garbikerren web orriak herritarrak kontzientziatzea lortu nahi du, hondakinen etxeko kudeaketa hobetzeko jarraibide eta gomendioen bitartez. Horretaz gain, beste zerbitzu batzuk eskaintzen dizkie erabiltzaileei, besteak beste, erabiltzailea bizi den herritik hurbilen dagoen garbigunearen geolokalizazio sistema. Bestalde, Bizkaiko hondakinen birziklapenari eta kudeaketa-sistemari buruzko informazio guztia biltzen du.
Horri dagokionez, web orri berriak Bizkaiko hondakinen kudeaketaren printzipioak azaltzen ditu: murriztea, birziklatzea, berreskuratzea, berriro heztea eta gizarteratzea), eta horrela, jarduera-eremu horrek ingurumen-ikuspegia ez ezik, ikuspegi sozial eta ekonomikoa ere baduela erakusten du. Web orrian gure lurraldeko azpiegiturei buruzko erreferentziak daude, eta, bideo didaktikoen bidez, hondakin mota bakoitzaren tratamendua eta bilketa selektiboaren funtzionamendua azaltzen du.
Web orritik Bizkaiko Lurralde Historikoko Hiri Hondakinen Behatokira joan daiteke, eta, han, bilketa selektiboari buruz urtero bildutako datuak eskuratu daitezke. Gainera, Behatokiak hondakin-kudeaketako heziketaren gaiei buruzko informazioa ematen du, bereziki, Artigasko ingurumen hezkuntzako gelari buruz; izan ere, Artigasko gelak herritarrei zuzendutako jarduerak garatzen ditu, gure lurraldean sortzen diren hondakinen prebentzio-, berrerabilpen- eta birziklapen-prozesuen inguruan sentsibilizatzeko eta informazioa emateko.
Beste alde batetik, web orriak proiektu berezietarako atal berritzaile bat dauka. Atal horretan sartzen dira Bizkaiko udalerriek hondakin-kudeaketa hobetu eta ingurumena zaintzeko abiarazten dituzten ekimenak.