Bost urtean, Euskadik erdira murriztu du hondakin ez-arriskutsuen isurpena

24 azaroa, 2023 Zabalgarbi Zabalgarbi Noticias EU

IREKIA

2018az geroztik, Euskadik %49 murriztu ditu orain arte zabortegira bideratzen ziren hondakin ez-arriskutsuak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak gaur goizean jakinarazi duenez.

Komunikabideekin izandako bilera batean, Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Murrizteko Planean aurreikusitako ekintzen bidez lortutako aurrerapen nagusiak aurkeztu ditu Tapiak. Sailburuaren esanean, emaitza horiek lortu izanaren arrazoi nagusia, besteak beste, isurketa- eta errausketa-kanona abian jartzea izan da, zeinak ekonomikoki zigortzen baitu zabortegia erabiltzea hondakinentzako azken soluzio gisa, berreskuratzeko beste aukera batzuk baliatzearen aldean.

Tapiak aurreratu duenez, tasa hori aplikatuta 11,9 milioi euro inguru bilduko dira 2023an, eta nabarmendu du foru-aldundiekin lanean ari direla erakundearteko ingurumen-funts bat sortzeko, kanon horren bidez lortutako diru-zenbatekoak ekonomia zirkularraren arloko jarduera zehatzetara bideratzeko.

Hondakinen Kudeaketa Planaren betetzea

Sailburuak nabarmendu du 2021az geroztik Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 31,2 milioi euro bideratu dituela isurpenak ahalik eta gehien murrizteko eta hondakinen berrerabilera sustatzeko bigarren mailako material gisa, eta, horretarako, ekonomia zirkularreko eta hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko proiektuak babestu dituela euskal enpresa eta administrazio publikoetan. Laguntza horiek Hondakinen Prebentzio Planarekin gauzatzea aurreikusita dauzkan 97 milioi euroen parte dira, zeinak hemendik 2030era bitartean egikarituko baitira.

Gehiago irakurri