Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro bideratuko ditu ekonomia zirkularreko proiektuak egitea sustatzera

29 ekaina, 2017 Zabalgarbi Zabalgarbi Noticias EU

IHOBE

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, bere mendeko Ihobe sozietate publikoaren bitartez, Euskadiko enpresek ekonomia zirkularreko proiektuak egitea bultzatuko du, gehienez 30.000 euro bideratuta proiektu bakoitzera. Sozietate publikoak egiten duen mota horretako hirugarren laguntza-deialdia da, eta ekonomia zirkularreko enpresa-aukera sortzea du xede, horretarako hainbat konponbide berri ezarrita hauetan: bigarren mailako materialen balio-birziklatzea (upcycling deritzona), bigarren mailako materialekin produktuak ekoiztea edota piezak edo osagaiak, produktuak edo ekipoak konpontzea eta berregitea.

Lehenagoko deialdietan izandako arrakastaren ostean, edizio honetan lehentasuna izango dute produktuak eta osagaiak leheneratzeko proiektuek eta plastikoen zein aleazio-metalen ziklo-itxierakoek. Laguntza eskatu duten proiektuek, laguntza jaso izana jakinarazi zaienetik hasita, gehienez 2 hilabeteko epea izango dute abian jartzeko, eta 16 hilabete baino gutxiagoko epean gauzatu beharko dira; hau da, 2018ko azaroaren 30a baino lehen amaituta egongo dira.

Emango den diru-laguntza, gehienez, 30.000 euro proiektuko izango da. Onuradun bakoitzeko bi proiekturi lagunduko zaie, gehienez ere. Laguntzak, Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduan jasotakoaren arabera, honelakoak izango dira: enpresa txikietan, kostu hautagarrien % 60ra artekoak; ertainetan, % 50era artekoak; eta handietan, % 40ra artekoak. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak lagundurik finantzatzen dira diru-laguntzak (EGEFren ekarpena diruz lagundutako zenbateko osoaren % 50 izango da).

Enpresek lan gehiegi ez dezaten hartu proposamenak aurkeztu ahal izateko, sozietate publikoak aurretiazko borondatezko kontsulta-prozesua antolatu du, erakundeek proposamenen egokitasuna ezagutu eta hobekuntzak egin ahal izan ditzaten. Horretarako, enpresa parte-hartzaileek probako proiektuaren ideiaren aurretiazko kontsultaren inprimakia bete dezakete. Ihobek helbide elektroniko bidez baieztatuko du aurretiazko kontsulta jaso duela, eta gehienez 15 egun naturaleko epean erantzungo du. Aurretiazko proiektu-ideiak aurkezteko epea uztailaren 12an amaituko da eta laguntza-eskaeren behin betiko entrega irailaren 15a baino lehen egin beharko da.

Aurkeztutako proposamenak balioesteko hauek hartuko dira kontuan: ingurumen-garrantzia, lehiakortasunari egindako ekarpena, eskaeraren berrikuntza-maila, balio-katea proiektuan txertatuta egotea, proposatutako lan-metodologia eta lehenetsitako arloekin bat etortzea.