Europako Batzordeak nabarmendu du, erosketa publiko berdearen jardunbide egoki gisa, Eusko Jaurlaritzaren eta bere hornitzaileen arteko elkarrizketa
IHOBE
Europar Batasuneko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak argitaratutako erosketa publiko berdearen gidak adibide erreal ugari eskaintzen ditu EB osoko agintariek kontratazio ekologikoaren alorrean nola jokatzen duten erakusteko; horri lotuta, agerian uzten du norainoko garrantzia duen sektore publikoaren gastuak, Europan, klima-aldaketarekin, baliabideen erabilerarekin eta kontsumo eta ekoizpen jasangarriekin zerikusia duten ingurumen-politikaren helburuak lortzeko tresna garrantzitsu gisa.
Edizio berri honen ardatza da 2014an kontratazioari buruz argitaratu ziren azken Zuzentarauetatik ondorioztatu den arau-aldaketa, eta baita administrazio publikoek abiatutako jardunbide jasangarriek egindako aurrerapausoa; administrazio horien artean, Eusko Jaurlaritzako Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa nabarmentzen da.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren sozietate publikoak zenbait urte daramatza topaketa erregularrak izaten jarduera-sektore ugariko erakunde hornitzaileekin, eta horiekin adostu du Eusko Jaurlaritzak lehiaketa publikoaren bidez eskuratzen dituen produktu eta zerbitzuen ingurumen-irizpideen definizioa.
Ihobe sozietate publikoak erakunde hornitzaileekin egiten duen informazio-kontraste hori lagungarria izan da merkatua ingurumentzeko, zeren enpresa hornitzaileak modu egokian prestatu ahal izan baitira ingurumen-inpaktu txikiko produktu eta zerbitzuen eskariari erantzuteko. Sektoreekin batera egindako lana jasota geratu da Ihobe sozietate publikoak argitaratutako “Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen Gidan”; bertan, kontratu publikoetan exijitu daitezkeen ingurumen-irizpideak azaltzen dira, hogei bat erreferentziarentzat, hala nola: ekitaldiak, altzariak, garbiketako produktuak, inprimategiak, eta abar.
Halaber, Erosketa Publiko Berdearen europar gidak azpimarratzen du, jardunbide egoki gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiak bi eraikinen mantenurako ezarrita dituen irizpideak. Izan ere, eraikin horietarako eskatzen zen eraginkortasun energetikori eta hondakinen kudeaketari buruzko ezagutza zuen ingeniari edo arkitekto bat egotea lanak koordinatzeko.