Euskadiko hondakinen etorkizuneko planean enpresen eta herritarren 161 ekarpen jaso dira
UDALSAREA 21
Euskadiko hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko plan berriaren jendaurreko aldia urriaren 13an itxi zen. Plan hori, gaur egun, lantze-prozesuan dago eta, guztira, 22 erakunderen 161 proposamen jaso dira. Kopuru hori horrelako prozesuetan izan ohi diren kopuruak baino askoz ere handiagoa izan da.
Eusko Jaurlaritzak, ekarpenen balorazioa egin ondoren, ekarpen guztiei erantzun die eta, zehazki, ekarpen guztien heren bat planean jaso da. Ondorioz, planaren azken idazketa aldatu da.
Horrez gain, eta sortu duen interesaren ondorioz, planak izango dituen neurri berriek gehien eragingo dieten sektoreekin bilera monografikoak egin dira, beraien kudeaketa-eremuan eragin handiena izango duten helburuak eta jarduketak zuzenean adierazteko eta zituzten zalantzak argitzeko helburuarekin.
Horrela, bilera espezifiko hauek egin dira hauekin guztiekin: altzairuaren, galdaketako eta papereko sektorearekin, hondakinen kudeatzaileekin, ACLIMA klusterrarekin, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen balio-katearekin, hirietako hondakin-uren araztegiekin.
Horrez gain, topaketak antolatu dira hauekin guztiekin: agente sozialekin, patronalekin, sindikatuekin eta talde ekologistekin, baita hondakinen esparruan eskumenak dituzten bestelako kudeaketa-organoekin ere, esaterako, Hiri Hondakinen Koordinazio Organoarekin (bertan ordezkaritza dute Foru Aldundiek) eta Udalsarea21ekin, jasangarritasunerako udalerrien euskal sarearekin.
Euskadiko hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko plan berria Eusko Jaurlaritzak 2014. urtea amaitu baino lehen onartzea espero da. Plan hori, behin-behinean, 2020ra arte egongo da indarrean.