Eusko Jaurlaritzak 200 mila euroko laguntza eman die 13 erakusketa-proiektu industriali, ekonomia zirkularraren alorrean

2 uztaila, 2015 adclick Sin categoría

 

IREKIA

Enpresa hauei emandako diru-laguntzak Ihobe sozietate publikoak erakusketa-proiektuentzat 2015ean egindako deialdiaren emaitza dira. Deialdia martxoan egin zen, eta adjudikazioa maiatzaren amaieran burutu zen. Deialdia Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak alor horretan antolatutako bigarrena izan da, eta 39 proposamen jaso zituen.

 “Deialdi hau EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plan” berrian ezarritako tresnetako bat da. Plan hori orain dela gutxi onartu du Eusko Jaurlaritzak, euskal industriaren ekonomia zirkularrerako trantsizioa azkartzeko eta Euskadin sortutako hondakinen % 60 2020  urtean balorizatzera iristeko helburua lortzen laguntzeko”, adierazi du Alejandra Iturriozek, Ingurumen Administrazioaren Zuzendariak.

Laguntza tekniko eta ekonomikoa jasotzeko aukeratu diren ekonomia zirkularreko proiektu industrialak hauexek dira:

  • Elastal: jatorri birziklatuko karga funtzional berriak garatzea, kautxuzko formulazioetan. Eragilea: Befesa Aluminio.
  • Plastcal: Aluminioaren industriako nahasketa konplexuetatik datorren jatorri sekundarioko PVCa balorizatzea. Eragilea: Befesa Aluminio.
  • Digestor: Altzairutegi arrunteko hautsetatik datozen zink-berunezko eta burdina metalikozko oxidoak berreskuratzea, labe metalurgikoko kontzeptu berri baten bitartez. Eragilea: Digimet 2013.
  • Itsasrecycling: Euskadin erabilerarik gabe dauden itsasontziak balorizatzea. Eragilea: Dina.
  • Paviur: “Zero” karbono-aztarna duten hiri-zoladurak fabrikatzea, hondakin siderurgikoak balorizatzearen eta haien potentzialtasunen balioa nabarmentzearen bidez. Eragilea: Ecopavimentos Eguskiza.
  • Orlegi Sarea: arrantza-sareak birziklatzea, ehun-produktu bihurtzeko. Eragilea: Ekorece.
  • Gerbriq: Ekonomia zirkularrari laguntzea, altzairutegi eta ijezketa arloetako hondakinak ekoizpen-katera itzultzearen bidez. Eragilea: Gerdau.
  • Pissam: Zementu oinarriko produktu berritzaileak, moldekatze-hareetatik datozen azpiproduktu siderurgikoen balorizaziotik abiatuta. Eragilea: Hormor.
  • Giltza: EAEn kudeatzen diren pila-hondakinetan dauden ez-burdinazko hondakinen berreskurapena handitzea. Eragilea: Indumetal Recycling.
  • Oinatz Birziklatuak: Oinetakoen diseinu eta fabrikazioa, Euskadiko hondakinetatik abiatuta. Eragilea: Kameleonik.
  • Euskoremana: Motor industrialak birmanufaktura. Eragilea: Fagor Automation.
  • Induenves: Ontziki industrialen berrerabilera eta birziklapena. Eragilea: VL-Kimiker.
  • Vefuglas: Erabilerarik gabeko ibilgailuetako beira birziklatzetik datozen hondakinen balorizazioa. Eragilea: Zorroza Gestión

Proiektuei dagokienez, % 30 Europako Batzordeak edo Eusko Jaurlaritzak aurretik bultzatutako I+G  lerroetatik dator; % 40k bidea ematen du negozio eredu berriak abiatzeko, ekonomia zirkularraren eremuan; eta % 80k balio-kate ia osoa integratzen du, proiektuaren kide bezala. Azkenik, lagundutako proiektuen % 80k lankidetza publikoa behar du arrakasta probabilitate handiak izateko. Lankidetza publikotik eskatzen dena, finantziaziotik harago, hauxe da: ingurumen-tramite administratiboak bizkortzea; material sekundarioen erosketa publiko berdea aktibatzea; negozio berdearen ikuspegia orientatzea; balio-katean parte har lezaketen erakundeak aktibatzea; eta konkurrentzia desleiala egiten dutenen gaineko ikuskapena eta kontrola indartzea.

Enpresa adjudikaziodunek azaldutako lehen estimazioen arabera, arrakastarik izanez gero, 2019 urterako enpresa horiek 18 milioi euro baino gehiago fakturatuko lituzkete urtean, beren ekonomia zirkularreko lerro berrietan, eta ahalbidetuko lukete 57.000 eta 108.000 bitarteko tona hondakin balorizatzea edo berrerabiltzea. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak laugarren deialdi honetako proiektuentzat guztira eskainiko duen finantziazioa 200.000 euro dira. 20.000 euroraino enpresa bakoitzeko.

Deialdi hau “EAEko Hondakinak  Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plan” berrian ezarritako tresnetako bat da, euskal industriaren ekonomia zirkularrerako trantsizioa azkartzeko eta Euskadin sortutako hondakinen % 60 2020  urtean balorizatzera iristeko helburua lortzen laguntzeko.

Ekonomia zirkularreko proiektuak Euskadiko industriaren baitan bultzatzeko eta bideratzen laguntzeko tresna honen harrera ona ikusita, Ana Oregi sailburuak gidatzen duen Sailak erabaki du 2016ko deialdia azaroaren hasierara aurreratzea.