Foru Aldundiak hondakinak kudeatzeko plan berriaren testua aurkeztu dio Bizkaiko Iraunkortasunerako Kontseiluari
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Organo aholku-emaile horri aurkeztu ondoren, dokumentua irailean Batzar Nagusietan izapidetzen hasi nahi da, foru-arau gisa onartzeko. Dokumentuan, hamarkada honetan lurraldean hondakinak kudeatzeko gidalerroak ezartzen dira, bai eta 2030erako helburu nagusi hauek ere: hondakinen sorrera % 15 murriztea eta sortutako 5 kilotik 4,9 berreskuratzea.
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Toki Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030erako Plan Integral berriaren (BHPKPI 2030) testua aurkeztu dio gaur Bizkaiko Iraunkortasunerako Kontseiluari. Dokumentu horretan, hamarkada honetan lurralde horretan hondakinak kudeatzeko oinarriak ezartzen dira. Dokumentua Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politiko guztien ordezkariek osatutako organo aholku-emaile horri aurkeztu ondoren, azken xehetasunak itxiko dira, ganbera legegile honetan foru-arau gisa onartzeko izapidetzen hasteko.
Hamarkada honetan gure lurraldean hondakinak kudeatzeko oinarriak ezartzen dituen dokumentuan lehentasunezko helburutzat jotzen da hondakinen sorrera % 15 murriztea eta sortutako 5 kilo hondakinetik 4,9 berreskuratzea (haietatik 4 kilo ekoizpen-katean sartuko dira berriro, eta beste 0,9 kiloak energia berriztagarria sortzeko baliatuko dira). Plan hori garatuta, Bizkaiak 2030ean lortuko du bere hondakinen % 79,83 materialki balorizatzea (% 74,19 berrerabiltzea eta/edo birziklatzea eta % 5,64 konpostatzea), % 17,68 energetikoki balorizatzea eta hondakin horiek tratatu ondoren % 2,49 betiko ezabatzera bideratzea.
Hauek dira planaren beste helburu batzuk:
- 2019. urtearekin alderatuta, % 20 murriztea ontzi arinen hondakinen sorrera.
- Berrerabiltzeko prestaketa-tasa % 20 hobetzea.
- Etxeko hondakin arriskutsuen, ehunen, sukaldeko olioen, tamaina handiko hondakinen eta TEEH hondakinen gaikako bilketaren % 100 estaltzen dela bermatzea, eta udalerrietan biohondakinak bereizita biltzea.
- Energetikoki balorizatutako hondakinen ehunekoa % 20 baino gutxiago izatea eta udal-hondakinen (tratatuak eta tratatu gabeak) isurketa-tasa % 2,49 izatea.
- Herritarren eta eragile ekonomikoen informazioa eta ideia berritzaileak ingurune digitalizatu eta elkarlaneko batean integratzea, hondakinak kudeatzeko sistema etengabe hobetzeko tresnak eta palankak sortzea ahalbidetzeko.
- Hondakinak kudeatzeko sistema integratua izatea lurralde osoan, eta haren ekonomia- eta ingurumen-iraunkortasuna ziurtatzea, udalekin eta mankomunitateekin lankidetzan.
Udalen parte-hartzearekin
Plan hau egiteko prozesuaren barruan, Bizkaiko Foru Aldundiak parte hartzeko prozesu bat ireki zuen, joan den otsailean, lurraldeko udal eta mankomunitate guztientzat. Prozesu horren bidez, Bizkaiko Iraunkortasunerako Kontseiluan, zeina Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politiko guztien ordezkariek osatzen baitute, gaur aurkeztu den dokumentua dela-eta toki-erakunde horiek eman dituzten iritziak eta egin dituzten ekarpenak jaso dira.
Hamar udalerritik zortzik (97) parte hartu zuten parte hartzeko prozesuan, eta 5etik 3,5ekin baloratu zuten hasierako dokumentuan jasotako helburu eta programen interesa. Gainera, 492 proposamen egin zituzten, 169 ekarpenetan multzokatuta, eta haiek testuan sartu dira.
Foru-erakundeak dokumentu honen barruan proposatutako programek jaso duten balorazio altuaz gain, nabarmendu behar da programa horiek guztiak egokitzat jo direla. Balioetsienak gaikako bilketarekin, berrerabiltzeari balioa ematearekin eta erakundeen arteko koordinazioarekin lotutakoak izan dira.
Ekarpenei dagokienez, programa hauetan jaso da kopuru handiena:
- Hondakinen prebentzioaren kudeaketa, barne dela hondakin kopurua eta hondakinek dituzten inpaktu negatiboak murriztea lortzeko neurrien multzoa. Programa honek 27 ekarpen jaso ditu.
- Gaikako bilketa, zeinaren helburua arlo honetan irtenbide berritzaileenak eta eraginkorrenak bultzatzea eta sustatzea baita. Arlo honetan 26 ekarpen jaso dira.
- Berrerabiltzeari balioa ematea. Programa honen xedea da etxeko produktu berrerabiliaren bolumena handitzeko eta hura tratatzeko instalazioak hobetzeko jarduerak garatzea, eta 22 ekarpen jaso ditu.