Garbiguneen erabiltzaileek 10etik 8,5 puntuko kalifikazioa eman diete

7 abendua, 2022 Zabalgarbi Zabalgarbi Noticias EU

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Balorazio honek gainditu egiten du zerbitzuen kalifikazioaren Europako batez bestekoa, 7,4 puntukoa dena. Garbikerrek egin duen azterlan soziologiko baten arabera, hauek dira nota hori gainditzen duten alderdiak: foru zerbitzu honetan lan egiten duten langileen adeitasuna eta aldez aurretiko jarrera (9 puntu), instalazioen garbiketa eta Garbigunearen kokapena (8,7 puntu) eta edukiontzien kokapena (8,6 puntu). Pertsona hauek adierazten dituzten indarguneak honako hauek dira: kokapena, langileak, zerbitzua osorik hartuta, irisgarritasuna eta Garbigune horietan bota daitezkeen hondakinen askotarikotasuna. Garbigunen erabiltzaileen batez besteko profila 46 eta 60 urte bitarteko gizon bat da eta azken urtean batez besteko erabilera-maiztasuna zortzi aldikoa izan da.

Bizkaiko Garbiguneen erabiltzaileek 10etik 8,5 puntuko batez besteko nota eman diete, eta kalifikazio horrek nabarmen gainditzen du zerbitzuen balorazioaren Europako batez bestekoa, 7,4 puntukoa dena. Honako hauek dira batez besteko kalifikazioa gainditzen duten zerbitzu honen alderdiak: Garbiguneetan lan egiten duten langileen adeitasuna eta aldez aurreko jarrera (arlo horrek 9 puntu jasotzen ditu), instalazioen garbiketa eta kokapena (8,7 puntu biek) eta edukiontzien kokapena (8,6 puntu).

Hauek dira Garbikerrek urriaren 7an, 8an eta 9an Basauriko, Durangoko, Erandioko, Gernikako eta Santurtziko instalazioak erabili zituztenen artean egindako inkesta baten ondorio nagusiak; azterlanak zerbitzu horren indarguneak eta ahulguneak ere aztertzen ditu. Indarguneen artean inkestatutako pertsonek kokapena (% 30,3), langileak (% 20), zerbitzu osoa (% 15,3), irisgarritasuna (% 8,8) eta instalazio horietara bota daitezkeen hondakinen askotarikotasuna (% 3,5) aipatu dituzte. Zerbitzuaren puntu ahulei dagokienez % 23k uste dute ez dutela puntu ahulik eta % 26,3k ez dakite edo ez diote erantzun galdera horri; baina ahulguneak daudela uste dutenen artean ordutegia (% 12,3), autoz iristeko sarbideak (% 4,8) eta gutxi seinaleztatuta egotea (% 4) aipatzen dituzte nagusitzat.

Azterlan soziologiko honek jasotzen du, halaber, Garbiguneak erabiltzen dituzten hamar pertsonatik seik ziurtatu dutela euren eragin-eremuan kontrolik gabeko isurketak daudela, hau da, instalazio hauetara iristen ez direnak, eta kontrolik gabeko isurketa horietan ohikoenak altzariak (% 40), obra-hondakinak (% 18,8), hondakinen batura (% 9,2), etxetresna elektrikoak ( % 5,4) eta koltxoiak ( % 4,2) direla adierazten dute.

Tamaina txikiagoko hondakinak etxetik gertuago utzi ahal izanez gero tamaina handiagoko hondakinak urrunago dagoen beste esparru batera eraman beharra egokitzat joko luketen galdetu zaienean gehienek (% 59,5) baietz erantzun dute.

Mota honetako instalazioen ezagutzari dagokionez, erabiltzaile gehienek Bizkaiko Foru Aldundiarekin lotzen dituzte (% 43), eta azken urtean zerbitzu hau gutxienez hiru aldiz erabili duten gehienek diote ezagun, lagun edo senide baten bidez jakin zutela hauen berri.

Inkestari erantzun dioten hamar pertsonatik seik (% 62,5ek) ez dakite Garbigune mugikorren zerbitzurik dagoenik. Eta ezagutzen duen % 36,8 horren barruan 10etik 8,42 puntuko nota eman dio zerbitzu horri. Azken pertsona horien artean, gainera, % 44,2k uste dute Garbigune mugikorren zerbitzu horri buruzko informazioa nahikoa dela, baina % 42,9k diote ez dela nahikoa. Zerbitzu horren erabileraren maiztasuna “noizean behin” izaten da gehienbat (% 82,3).

Garbiguneek eskualde osoei zerbitzua ematen dieten arren, Garbikerrek egindako azterlanetik ondorioztatzen da aztertutako kasu guztietan euren instalazioak dauden udalerrietatik iristen diren erabiltzaileak beste udalerri batzuetatik iristen direnak baino ugariagoak direla.

Profila eta erabilera-ohiturak

Zerbitzu hau erabiltzen dutenen batez besteko profila 46 eta 60 urte bitarteko gizon bat da, batez beste 3,9 kilometro mugitzen dena. Batez ere larunbatetan eta ostiraletan hurbiltzen dira instalazio horietara, eta Garbigunera joateko egingo luketen distantziari buruz galdetuta adierazten dute distantzia hori gehienez 9 kilometrokoa izango litzatekeela.

Inkestatutako pertsona gehienek diote etxeko birziklatzearen arduraduna familiako kide guztiak direla (% 57,6), eta horrek esan nahi du erantzukizun hori partekatzen dutela. Etxeko birziklatzailearen profilari dagokionez, % 66,9 gizonezkoa da eta bere adina, Garbiguneetan gertatzen den bezala, 46-60 urte bitartekoa da (% 41) eta beste % 33,1 30-45 urte artekoa da.

Gainera, % 89,8k diote etxean ahal duten guztia birziklatzen dutela, eta gehien birziklatzen duten hondakinen artean plastikoa (% 75,5), papera eta kartoia (% 63,3), beira (% 54,3), organikoa (% 22), sukaldeko olioa (% 18,3), pilak (% 12,3) eta tresna elektriko eta elektroniko txikiak (% 8,3) daude. Era berean, % 84,5ek dio ez duela birziklatu ezin duen hondakinik sortzen edo edukitzen.

Pertsona hauek batez beste 8 aldiz jo dute Garbigunera azken urtean, baina gehienek (% 49k) behin eta hiru aldiz artean erabili dute.

Gainera, gehienek (% 43) uste dute zerbitzu hau erabiltzeko eguneko unerik onena goizez dela, baina % 33k uste dute berdin jo daitekeela edozein ordutan. Eta puntu garbi horietara joateko egokientzat jotzen duten egunari dagokionez, gehienek (% 39) adierazi dute edozein egun dela, nahiz eta Garbiguneen benetako erabileran islatutako joerari jarraituz hurrengo ehuneko garrantzitsua onena larunbatean (% 18,5) edo asteburuan (% 18,3) joatea dela uste dutenena da.