Hasi dira Igorreko hiri hondakinen transferentziagunea eraikitzeko lanak

2 abuztua, 2013 adclick Sin categoría

 

BIZKAIMEDIA

Bizkaiko Foru Aldundiak hasi ditu Igorreko Hiri Hondakinen Transferentziagunea eraikitzeko lanak. Inguruko hondakinak bilduko dira instalazio horietan, gero prentsatzeko eta azken xedera eramateko. Garbiker sozietate publikoak garatuko du proiektua, eta guztira ia 2 milioi euroko inbertsioa egin beharko da, 1.940.000 euro (+ BEZa). Bestalde, lanak bost hilabetetan amaituko dira.

Transferentziaguneak Igorreko (Urkizu auzoa) Hiri Hondakinen zabortegia ordezkatuko du, eta azken honetara ez da gehiago hondakinik eramango 2013ko abenduan. Itxita egongo den zabortegiaren ondoan egingo da azpiegitura berria; horrela, han dauden baliabideak optimizatu egingo dira, baskula eta kontrol-eraikina erabiltzen jarraitu ahal izango direlako.

Proiektuak ekarriko dituen onura garrantzitsuenen artean honakoak azpimarratu behar dira: zabortegia itxi egingo da, Arratiako Mankomunitateko udalerriei zerbitzu hobea emango zaie (gutxi gorabehera 5.000 tona hondakin sortzen dituzte urtean) eta garraioaren kostua murriztuko da. Hots, Arratiako hiri hondakinak Igorren trinkotuko dira eta gero azken xedera eramango dira; beraz, onura ekonomikoa izateaz gainera kamioen joan-etorrien kopurua murriztu egingo da.

Tamaina handiko hondakinak ere eramango dira hara, inausketakoak eta lorezaintzakoak eta 5. edukiontzikoak

Igorreko transferentziagunean deskarga-tobera bat izango da, trinkotzeko makina eta guzti, eta 40 m3-ko 5 kutxa ere izango dira trinkotutako hondakinak bertan pilatzeko. Halaber, 30 m3-ko 4 edukiontzi izango ditu tamaina handiko hondakinak biltzeko eta beste 2tan inausketako eta lorezaintzako hondakinak pilatuko dira, baita hondakinak gaika biltzeko 5. edukiontziko hondakinak ere.

Lurzatiak guztira 7475 m2 edukiko ditu; transferentziaguneak, zabalguneak, bideek eta barruko berdeguneek guztira 3500 m2 hartuko dituzte.

Nabarmentzekoa da, Gernikako transferentziagunean bezala, transferentziagune honetan honakoak hartuko direla: tamaina handiko hondakinak (altzariak, koltxoiak), inausketako eta lorezaintzako hondakinak, eta 5. edukiontziko hondakinak. Garbiker-ek kudeatzen dituen gainerako zentroetan (Durango, Berriatua eta Zalla) soilik hartzen dira hiriko “masa-” hondakinak (gaika biltzen ez diren etxeko hondakinak).

Bizkaian sei transferentziagune daude

Beste bost transferentziagune daude: horietako lau Garbiker-ek kudeatzen ditu, Gernikan, Durangon, Zallan eta Berriatuan; bosgarrena Getxon dago eta bertako udalak kudeatzen du.