Hondakin handiak tratatzeko Bizkaiko instalazioa, Berziklatuk, Gizarteratzeko Enpresen II. Azokan parte hartuko du
BIZKAIMEDIA
Bizkaiko Foru Aldundiak diseinatu zuen Berziklatu proiektua, Bizkaian sortutako hondakin handiak osorik tratatzeko, gizarteratzeko enplegua sortzearen bidez. 2007ko uztailean jarri zen abian. Sozietate gisa parte hartzen dute Bizkaiko Foru Aldundiak, Garbikerren eta gizarte-ekimeneko bi kooperatiben bidez, Rezikletak eta Emausek.
Datozen urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean, Berziklatuk Gizarteratzeko Enpresen “Inserciona” II. Azokan parte hartuko du. Azoka Irungo FICOBA esparruan egingo da. Azoka hau bi urterik behin egiten da, eta FAEDEIk (Gizarteratzeko Enpresetako Enpresaburuen Elkarteen Federazioak) antolatzen du, eta Euskadin egingo denez, baita Gizateak (Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartea) ere, Lanbideren (Euskal Enplegu Zerbitzua) lankidetzarekin.
Azokaren helburua da gizarteratzeko enpresen sektorea erakustea, bai enplegu-politika aktiboen zerbitzura egiten duten lanaren aldetik, bai beren merkataritza-alderditik eta alderdi profesionaletik. Horretarako, enpresen, eta enpresa horien eta beste sektore batzuen arteko lankidetza sustatu nahi da gertakizun horren bidez, bai eta merkatuan, publikoan nahiz pribatuan, beste aukera batzuk sustatzea ere.
Hain zuzen ere, hondakin handiak areagotzeak berekin dakarren arazoari irtenbide bat bilatzeaz gain, Berziklatuk bazterkeria-egoeran dauden pertsonak gizarteratu nahi ditu. Instalazioan, gaitasun profesionalak, eta lanerako jarrerak eta trebetasunak garatzeko lan egiten dute, gizarteratze hori lortzeko. Hala, prestakuntza profesionala hobetzen da, eta hainbat baliabide pertsonal garatzen dira, hala nola autonomia eta ardura. Era berean, kontratatutako pertsonek lan-merkatuan sartzeko zer mekanismo dauden ikasten dute.
Gizarteratze-prozesuak hiru fase ditu. Kontratatutako pertsonek enplegu-ohiturak (puntualtasuna, itxura zaintzea…) hartzen dituzte lehen fasean. Egonkortasun-aldi horretan, oinarrizko lan-betebeharrak berreskuratzea edo nork bere egitea sustatzen da. Gainera, egonkortasuna areagotu ahala, prestakuntza-prozesu posibleak aztertzen hasten dira.
Gizarteratzea lortzeko bidean, bigarren urratsa da prestakuntza-prozesu bati ekitea, kontratatuaren enplegagarritasuna hobetzeko lan-merkatura sar dadin.
Prestakuntza-fasean, Berziklatuk pertsonari laguntzen dio, lan-ordutegia malgutuz, prestakuntza-eskakizunetara egokituz eta prestakuntza-bekak emanez.
Azkenik, kontratatutako pertsonek enplegu bilaketa aktibo bati ekin diezaiokete. Berziklatuk enplegu-bilaketa aktiboa egiten laguntzen du. Besteak beste, bilaketa-teknikak irakasten dizkiete, curriculuma egiten eta elkarrizketak prestatzen lagundu.
Ingurumen-kontzientzia
Berziklatu Bizkaiko Uri-hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integralean 2005-2016 kokatuta dago.Planaren helburua da “lehen mailako hondakin bakar bat ere ez botatzea”. Horretarako, hondakinetako materialen berrerabilpena eta birziklapena maximizatzen da.
Instalazioak irtenbide bat eskaintzen du hondakin handientzat (aulkiak, oheak, armairuak, altzariak, mahaiak, koltxoiak, sofak) eta etxetresna elektrikoentzat (hozkailuak, garbigailuak, ontzi-garbigailuak, telebistak…). Hiri-hondakin horiek bilketa berezia egitea eskatzen dute, beren tamaina eta ezaugarriak direla eta. Ortuellako Berziklatu instalazioetan hasten dira berrerabiltzen, 3.500 metro koadroko nabe batean.
Bizkaian sortutako hondakin handiak osorik tratatzeko instalazioak hondakin horien berrerabilpena eta birziklapena sustatzen ditu, eta herritarren ingurumen-kontzientziaren alde egiten du.