Hondakinak Kudeakeatzeko Plan Integralak Bizkaiko Batzar Nagusietako lehenengo izapidea igaro dau
BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Bizkaiko Toki Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan Integrala (BHPKPI 2030) jasoten dauen Foru Arau proiektua batzordean tramitau da, Foru Aldundiak aurkeztutako testuan 6 aldaketa gehituta. Orokorrean, hamarkadatik geratzen danerako (2024-2030) tokiko hondakinak kudeatzeko ibilbide orri horren helburu nagusiak hondakinen sorrerea % 15 murriztea eta sortzen diran 5 kilotatik 4,9 berreskuratzea dira, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak joan dan bagilean informazino batzorde batean laburtu ebanez.
200 orrialde baino gehiago dituan dokumentuak Batzar Nagusietako taldeen 14 zuzenketa-eske jaso ditu. Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko batzordeak aldeko botoa emon deutsie gaur foru Gobernua eusten daben talde biek batera proponidu dituen 6 aldaketei. Sei aldaketa horreetako gehienak herritarren alegazinoak ziran. Aldaketok zerikusia dabe, besteak beste, hondakinen kudeaketeari buruzko datuak Gardentasunari buruzko Foru Arauaren arabera argitaratzeko kapituluan izandako hobekuntzeagaz eta bilketarako ibilgailuen kilometrajea murrizteagaz.