Ingurumenaren kontrol- eta zaintza-sistema hiri-hondakinen balorizazio energetikorako prozesuan

Lehenengo errausketa-lerroa abiarazi baino hamazortzi hilabete lehenago, Zabalgarbik zorrotz aztertu zuen instalazioaren inguruko ingurumen-egoera. Horretarako, airearen, lurzoruaren, landaretzaren, lur azaleko eta lur azpiko uren eta usainen kalitate-kontrolak eta -azterketak egin ziren.

Hasierako azterketa horretatik abiatuta, Zabalgarbi teknologia aurreratuenak ezartzen joan da, araudiak ezartzen dituen ingurumenaren kontrol- eta zaintza- neurriak hartzeko orduan urrunago joan nahian. Ingurumenaren kontrol- eta zaintza-sistemen prozesu osoa hartzen du barnean horrek, instalazioan hiri-hondakinak hartzen direnetik energia bihurtzen diren arte.

Tximiniako isuriak kontrolatzeko sistemak

Araztu eta gero, gasak tiro induzituko haizagailu baten bidez isurtzen dira atmosferara, tximiniatik.

Tximinia egitura zilindriko bat da, eta hirurogeita hamar metroko altuera dauka. Tximiniaren barruan bi hodi daude, eta horietatik aireratzen dira errausketa-lerroan araztutako gasak eta berreskuratze-galdaratik datozenak.

Tximiniaren erdian eraztun bat dago, eta bertan laginak hartzeko zundak daude, etengabe egiten diren isuriak kontrolatzeko:

  • Arazketaren aurretik eta ondoren.
  • Sistema erredundantea da.
  • Ingurumen agintaritzarekiko (Eusko Jaurlaritza) harremana etengabea da.
  • Momenturen batean isurien gehieneko maila gaindituko balitz, 4. ordura blokeatzeko sistema bat dago.

Isurpenak Eusko Jaurlaritzak kontrolatzen ditu zuzen-zuzenean, bai etengabeko analizagailuekin denbora errealean dauzkan konexioen bidez, bai aldian-aldian tximinian egiten diren laginketen bidez.

Immisioak honela kontrolatzen dira:

  • Inguruneko airearen kalitatea etengabe kontrolatuta (PM10, O3, NOx, SO2, COV, HCl eta datu meteorologikoak). Horretarako, hiru kontrol-kabina daude: Arraiz mendian (Bilbo), Alonsotegin eta Larrazabalen (Barakaldo).
  • Parametro jarraituak (airea): PM10, O3, NOx, SO2, COV eta HCl.
  • Datu meteorologikoak.
  • Aldizkako neurketak: uretan, lurzoruan, landaretzan eta airean egiten dira.
    • Uretan, lurzoruan eta landaretzan: metal astunak eta dioxinak eta furanoak.
    • Airean: hidrogeno fluoruroa (HF), metal astunak eta dioxinak eta furanoak.

Ingurunearen beste kontrol batzuk

Instalazioan bertan zein haren ingurunean, enpresa homologatu batzuek azterketa olfatometrikoak egiten dituzte aldian-aldian. Orain arte, erakunde publikoek zein pribatuek egindako azterketen emaitzek egiaztatu dute instalazioak ez duela botatzen ingurunean eraginik daukan usainik. Nabaritzen diren usain bakarrak hobikoak eta zamalan nabekoak dira.

Era berean, 2005etik, Euskal Herriko Unibertsitateko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoko Saileko ikertzaile talde bat azterketa epidemiologikoa egiten dabil, instalazioko industria-jarduerak ingurunean eta pertsonengan eraginik daukan jakiteko.

Funtzionamenduan urte batzuk eman ondoren, ondorioek diote Zabalgarbiko hiri-hondakinen erraustegiak ez duela arrisku ekologikorik ez minbizi-sortzailerik eragingo, eta ez duela modu esanguratsuan eragingo inguruneko kutsaduraren hazkundean, ez biztanleentzat ez ekosistementzat.