Hiri-hondakinen balorizazio energetikora bideratutako industria-prozesu bat da Zabalgarbi edo SENER sistema, eta, bertan, gasaren ziklo konbinatuko instalazioetako teknologia hiri-hondakinen balorizazio energetikorako instalazio modernoetara egokitzen da.

Prozesu bakar eta integratua da, eta honako hauek zehazten dituzte haren neurria eta instalazioen ezaugarriak:

  • Instalazioak hiri-hondakinak tratatzeko behar duen gaitasuna.
  • Errendimendu termoelektrikoaren optimizazioa.
  • Instalazioak kWh bakoitzeko sortutako ingurumen-eraginaren murrizketa.

Prozesuaren ezaugarri orokorrak

Zabalgarbiko errausketa-lerroko labe-galdaran (30 tona/ordu), lurrun asea 310ºC-ko tenperaturan eta 100 bar-eko presioan sortzen da, hau da, balorizazio energetikorako instalazio moderno batean lortu ohi dena baino tenperatura txikiagoan eta presio handiagoan (400ºC eta 35/40 bar).

Labe-galdarako lurrun ase hori berreskuratze-galdara batean gainberotzen da 540ºC-raino, baina presioa 100 bar-etan mantenduta; Hori lortzen da 43 MW-ko gas-turbina bateko ihes-gasek jariatzen duten beroaren bidez, ohiko erregaiak darabiltzan zentral termiko bateko antzeko baldintzetan. Gainberotutako lurrun horrekin 56,5 MW-ko turbo-sorgailua elikatzen da.

Lortzen den potentzia gordina 99,5 MW-koa da, eta potentzia garbia, instalazioko autokontsumoa kenduta, 94 MW-koa da, guztira.