Zabalgarbi eta haren ingurunea
Zabalgarbik 5 Ha baino apur bat gehiagoko hedadura dauka, eta Bilboko Artigas-Arraizko Plan Bereziaren eremuaren barruan dago. Haren industria-instalazioek 2,7 Ha hartzen dituzte, eta lorategiek eta bideek azaleraren gainerako zatia osatzen dute.
Artigas-Arraizko Plan Bereziaren eremuak 108 Ha-ko hedadura dauka, guztira. Hiri-hondakinen balorizazio energetikorako instalazioaz gain, badaude tratamendu mekaniko-biologikorako (TMB) instalazio bat eta konpostajerako beste bat, baita zabortegi bat eta lixibiatuak tratatzeko instalazio bat ere.
Instalazioa eraikitzen zen bitartean (bideoa), Zabalgarbik Artigas-Arraizko Plan Bereziaren eremu osoa leheneratu eta berreskuratu zuen; izan ere, eremuko lurrak aspalditik zeuden andeatuta, bertako meazuloetan izandako jardueren eta aire zabaleko harrobiaren ustiaketaren eraginez. Gaur egun, eremua basoberritu da, bidezidorrak egin dira, eta aparkaleku publiko bat eta aisiarako eremu bat daude, lorategi, askaldegi, basabide eta guzti.