Udalek 4 puntutik 3,5eko balioa eman diote hondakinak kudeatzeko foru-plan berriaren helburu eta programen interesari

19 apirila, 2022 Zabalgarbi Zabalgarbi Noticias EU

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Bizkaiko hamar udalerritik zortzik parte hartu dute Bizkaiko Foru Aldundiak garatutako prozesu parte-hartzailean, 2030. urtera arte arlo horretan lortu beharreko estrategiak eta helburuak zehaztuko dituen hondakinen kudeaketa-plan berriaren prestaketan egindako aurrerapenen berri lurraldeko udal eta mankomunitateei emateko. Dokumentu honetan jasotako helburuen eta programen interesa oso handia izan da, 4 puntutik 3,5ekoa, eta tokiko erakundeek 492 proposamen egin dituzte, hainbat ekarpenetan baturik.

Guztira, 97 udalerrik hartu dute parte prozesu horretan. Udalerri horiek guztiek lurraldeko biztanleriaren % 89 ordezkatzen dute, eta horrek argiro erakusten du planak interes handia piztu duela udalen eta mankomunitateen artean.

Dokumentu horren esparruan, foru-erakundeak proposatutako programek jaso duten balioespen handiaz gain, nabarmendu behar da programa guztiak egokitzat jo direla. Gaikako bilketari berrerabileraren balioa emateari eta erakundeen arteko koordinazioari lotutakoak balioetsi dira ondoen.

Ekarpenei dagokienez, programa hauetan jaso da ekarri gehien:

  • Hondakinen prebentzioaren kudeaketa eta, horren baitan, sortzen diren hondakinen kopurua eta eta hondakin horien ondorio kaltegarriak murrizteko neurrien multzoa. Programa honek 27 ekarpen jaso ditu, besteak beste, udalek eta beste erakunde publiko batzuek pisuaren araberako erosketak bultzatzea, ontzirik eta bilgarririk erabili gabe; saltokiei jardunbide egokiak errazteko komunikazio-kanpainak egitea, kartoiaren eta plastikoaren erabilera murrizteko; edo jatetxeetako, otordu-zerbitzuetako eta soberakin-sortzaile handietako elikagaien soberakinak biltzea eta banatzea.
  • Gaikako bilketa, arlo horretako irtenbide berritzaileen eta eraginkorrenak bultzatzea eta sustatzea helburu duena. Esparru horretan, 26 ekarpen jaso dira, eta horien artekoak ditugu edukiontzietan sartzeko azterlanak egitea eta bilketa-sistemetan hobekuntzak egitea (gaikako bilketa adimenduna), garbigune mugikorrak bultzatzea edo eskolako hezkuntza-programak sustatzea errebalorizazio-instalazioetan.
  • Berrerabilerari balioa ematea. Programa horrek berrerabilitako etxeko produktuen bolumena handitzeko eta halakoak tratatzeko instalazioak hobetzeko jarduerak garatzea du helburu, eta 22 ekarpen jaso ditu. Besteak beste, publizitate-iragarkiak egitea, arropa, liburuak eta beste objektu batzuk berrerabili eta eman daitezen bultzatuz; hondakinak biltzeko eta garraiatzeko protokoloak ezartzea, berrerabilera sustatzeko edo edukiontzi zurietan beste produktu batzuk sar ote daitezkeen aztertzeko.

Parte hartzeko prozesuaren nondik norakoak

Parte hartzeko prozesua bi orduko 11 topalditan gauzatu da, otsailaren 7tik 21era bitartean. Topaldien lehen zatian, planaren aurrerapenak, edukiak eta helburuak aurkeztu dira, gai horiei buruzko galderen txanda egin da eta eskualdeetako hondakinen prebentzioari eta kudeaketari lotutako egungo egoerari buruzko gogoetak edo ekarpenak azaltzeko gunea baliatu da, bai eta tokiko erakundeen iritziz, plana osatu behar elementuen gaineko azalpena emateko ere.

Topaldiak amaitu ostean, inprimaki bat bidali zitzaien udalei eta mankomunitateei, ekarpenak idatziz egin zitzaten, barne-zerbitzuen bidez emandako dokumentazio guztia aztertu eta gero. Inprimakiak bi osagai nagusi zituen: alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak proposatutako programen egokitasunaren balioespena, planaren helburuak lortzearen inguruan, eta, bestetik, gune ireki bat, programen edukia sakondu eta zehaztu ahal izateko ekintza-proposamenak eransteko.

Planaren helburuak

Bizkaiko Toki Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030eko Plan Integral berria (BPKPIB 2030) prestatzen ari da Bizkaiko Foru Aldundia, eta proposamena lurraldeko udalekin eta mankomunitateekin partekatu du. Planak honako helburu hauek ditu:

  • 2010ean baino % 15 hondakin gutxiago sortzea, eta 2019an baino % 20 gutxiago sortzea ontzi arinen hondakinak.
  • Berrerabiltzeko prestaketa-tasa % 20 hobetzea.
  • Etxeko hondakin arriskutsuen, ehunen, sukaldeko olioen, tamaina handiko hondakinen eta GEEHen (gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak) gaikako bilketaren % 100 betetzea, eta udalerrietan biohondakinetatik bereizita biltzea.
  • Udal-hondakinak berrerabiltzeko eta birziklatzeko tasa (balorizazio materiala) % 79,83koa izatea; energetikoki balorizatutako hondakinen ehunekoa % 20tik behera jaistea; eta udal-hondakinen isurketa-tasa (tratatuak eta tratatu gabeak) % 2,49koa izatea.
  • Herritarren eta eragile ekonomikoen informazioa eta ideia berritzaileak elkarlaneko ingurune digitalizatu batean integratzea, hondakinak kudeatzeko sistema etengabe hobetzeko tresnak eta palankak sortzea ahalbidetuta.
  • Hondakinak kudeatzeko sistema integratua izatea lurralde osoan, eta horren jasangarritasun ekonomikoa eta ingurumenekoa bermatzea, udalekin eta mankomunitateekin lankidetzan.