Zabalgarbik eta Bilbok hondakinen balorizazio energetikorako planten Europako kongresua jasoko dute

19 iraila, 2018 Zabalgarbi Zabalgarbi Noticias EU

ZABALGARBI

Zabalgarbi eta Bilbo dira datozen irailaren 19an, 20an eta 21ean Guggenheim Museoan, Euskalduna Jauregian eta Zabalgarbiren instalazioetan egingo den Hondakinen Balorizazio Energetikorako Planten Europako Konfederazioaren (CEWEP) 9. Kongresuaren eta Batzar Nagusiaren anfitrioiak.

“Waste-to-Energy: making circular economy happen” (Hondakinetik energiara: ekonomia zirkularra posible eginez) izenburupean, Kongresura etorritako 225 profesionalak hondakinen kudeaketa zuzenean zentratuko dira, hori baita Europar Batasunak ingurumenaren ikuspegitik duen erronka nagusietakoa. Ekonomia zirkularragorako trantsizioak aukera handiak eskaintzen ditu, eta garrantzitsua da ekonomia modernizatzeko eta eraldatzeko, norabide iraunkorragoan aurrera eginez.

Bi urtez behin egiten den ekitaldiaren aurreko edizioa 2016an egin zen Rotterdamen (Holanda). Asteazken honetan, irailaren 19an, hasiko da, Guggenheim museoan partaideei eskainiko zaien ongi etorri ekitaldiarekin. Bertan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Rafael Guinea Asociación de Empresas de Valorización Energética de R.S.U (AEVERSU) elkarteko presidenteak –Zabalgarbi horren barruan dago–, eta Paul de Bruycker Hondakinen Balorizazio Energetikorako Planten Europako Konfederazioaren (CEWEP) presidenteak hartuko dute parte.

Hiru egun horietan, Balorizazio Energetikorako Plantek ekonomia zirkularrerako bide horretan betetzen duten leku garrantzitsua azpimarratuko da. Eredu berri horretan, produktuen eta materialen balioari ahalik eta denbora gehienez eusten zaio; hondakinak ahalik eta gehien murrizten dira; eta produktu bat bere bizitza erabilgarriaren amaierara heldu denean baliabideak ekonomiaren barruan kontserbatzen dira, balioa sortzen jarraitzeko.

Kongresuaren inaugurazio hitzaldia, ostegunean, irailaren 20an, William Nealek, Europar Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ekonomia Zirkular eta Hazkunde Berde arduradunak emango du. Ekonomia zirkularraren ezarpenari, ingurumen ez toxikoari, kimikaren eta hondakinen legediari eta plastikoei buruzko estrategiari buruz hitz egingo du. Aurretik, Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, eta Paul De Bruycker, CEWEPeko presidenteak, egingo dute berba.

Euskalduna Jauregian zenbait gai landuko dira, ekonomia zirkularraren ezarpena Espainian, Txinak hondakin jakin batzuen inportazioari jarritako betoa, balorizazio energetikoak District Heating (berokuntza zentralizatu sarea) sisteman duen potentziala edo karbonoaren erabilera hortikulturan, besteak beste. Jardunaldian zehar hondakinen balorizazioko jardunbide onenak aurkeztuko dira, Lonbardiako (Italia), Alkmaarreko (Holanda) edo Alemaniako kasuak. Jardunaldia, balorizazio energetikoaren sektoreko fake news izenekoei buruzko mahainguruarekin itxiko da.

Bisita Zabalgarbira

CEWEPen 9. kongresua ostiralean, irailaren 21ean, amaituko da, Zabalgarbiko plantara egingo den bisita teknikoarekin. Europa osoan dauden balorizazio energetikorako 460 planta baino gehiagoren artean hondakinen kudeaketa jasangarriaren sektoreko ekitaldi garrantzitsu hau jasotzeko Zabalgarbi aukeratu izanak balioan jartzen du Bizkaiko balorizazio energetikorako planta berrikuntzaren, ingurumenaren errespetuaren, segurtasunaren eta energia eraginkortasunaren alde egiten ari den apustua.

2005eko ekainaren 22an errendimendu osoan martxan jarri eta gero, plantak birziklagarriak ez diren 225.000 tona hondakin inguru tratatzen ditu urtero. Hamahiru urte horietan, birziklatu ezin daitezkeen hiru milioi zabor tona baino gehiagori soluzioa eman die, izan ere, bestela, zabor hori guztia hondakindegira joango litzateke. Hondakin horiekin guztiekin sei bider beteko litzateke San Mames estadioa. Gainera, hondakindegian utzi izan balira, negutegi efektua duten gasen %175 gehiago sortu izango lukete eta, ondorioz, ezinezkoa izango litzateke indarrean dauden Europa mailako arautegiak betetzea.

Hondakin horien tratamenduaren bitartez, Zabalgarbik Bizkaiko etxeen %30 baino gehiago elektrizitatez hornitzeko adina energia sortzen du. Metro Bilbaok zazpi urtez kontsumitzen duen adina energia sortzen du urtean.

Urtero, mundu osoko herrialde guztietako 300 profesional baino gehiagok bisitatzen dute Bizkaiko balorizazio energetiko planta, bertako instalazioak eta eredu teknologikoa ezagutzeko. Azken hilabeteetan, 10 herrialde baino gehiagoko erakundeetako edo enpresetako ordezkariak etorri dira: Japonia, Ingalaterra, Eskozia, Estatu Batuak, Brasil, Thailandia, Holanda, Frantzia, Alemania, etab.

Konpainiaren Xedeak ezartzen duen bezala, helburua ekonomia zirkularreko funtsezko eragilea izatea da, hondakinen tratamenduaren soluzio integralari lagunduz, gardentasunean, garapen profesionalean eta ingurunearekin konpromiso sendoan oinarritutako kudeaketa bikainaren bitartez, pertsonen osasuna eta ingurumena zainduz.