Garbiker Bizkaian gaikako bilketa hobetzeko aukerak aztertzen ari da udal eta mankomunitateekin batera

21 iraila, 2017 Zabalgarbi Zabalgarbi Noticias EU

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Foru-sozietateak lan-jardunaldi bat antolatu du ECOVIDRIOrekin batera; udal eta mankomunitateetan ingurumen arloaz arduratzen diren 40 teknikarik hartu dute parte jardunaldian. Hainbat gai aztertu dituzte: hondakin organikoen bilketaren sustapena, ontzi arinen eta beirakien bilketari buruzko jarduketa berriak. Horrez gainera, topaketan izan diren teknikarien iritziak jaso dira; topaketa Artigasko Ingurumenaren Interpretazio Zentroan izan da.

Garbiker foru-sozietateak lan-jardunaldi bat antolatu du ECOVIDRIOrekin batera; udal eta mankomunitateetan ingurumen arloaz arduratzen diren 40 teknikarik hartu dute parte jardunaldian. Topaketan, gure lurraldeko hondakinen gaikako bilketa hobetzeko aukerak aztertu dira.

Josu Bilbao Garbiker foru-sozietateko zuzendari-kudeatzailea izan da jardunaldian, eta azpimarratu du zer garrantzitsua den Bizkaian hondakin-bilketan diharduten eragile guztien arteko lankidetza; izan ere, batzuen esperientziak lagungarri izan daitezke besteek beharrizanei erantzuteko, denok ikas baitezakegu gure egoera eta esperientzien berri elkarri emanez. Eta denon artean ikasten duguna baliagarri izango da herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko.

Gaikako bilketan Eusko Jaurlaritzak 2025. urterako eta Europar Batasunak 2030. urterako ezarritako tasetara heltzea da Bilbok duen helburua. Era berean, erronka batzuen berri eman da hondakin organikoei dagokienez: bildutako biohondakinen kantitatea pixkanaka-pixkanaka areagotzea, udalek konpostaren erabilera sustatzea edo erabiltzeko sustapena egitea edo bota behar ez diren gaien presentzia murriztea edukiontzi marroetan. Eta Aldundiak aurreratu du ontzi arinak biltzeko sistema berriak ezartzea aztertzen ari dela.

Bestalde, udal eta mankomunitateek gogoeta batzuk egin dituzte bilketaren maiztasunari buruz eta edukiontzien kokapen eta kopuruari buruz. Horrez gainera, nabarmendu dute beharrezkoa dela herritarrak kontzientziatzeko kanpainak egitea, hondakinak ondo bereizteko. Horretarako, erakundeen artean lan egiteko aukera azpimarratu dute.